Ekonomia sozialeko enpresetarako eta Biogipuzkoarako diru-laguntzak onartu ditu gaur Gobernu Kontseiluak

0

Gaurko Gobernu Kontseiluak 267.000 euroko diru-laguntza bat onartu du ekonomia sozialaren sektoreko enpresetarako, eta beste 125.000 euroko diru-laguntza bat Biogipuzkoak pazienteen diagnostikoa hobetuko duen mikroskopio bat eros dezan

Gobernu Kontseilua gaur bildu da, asteartero bezala, Lehendakaritzan, eta hainbat proposameni argi berdea eman die; besteak beste, Gizarte Ekonomiako enpresen arteko lankidetzarako laguntzei eta Biogipuzkoarako bereizmen handiko mikroskopio bat erosteari. Gaur ez da Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoa izan.

Hala, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak proposatuta, Gobernu Kontseiluak Gizarte Ekonomian enpresen arteko lankidetza bultzatzeko laguntzak onartu ditu gaur, 267.000 euroko zenbatekoarekin, 2023an baino 100.000 euro gehiago.

Era berean, Osasun Sailak eskatuta, Gobernu Kontseiluak erabaki du Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuari 125.000 euroko zuzeneko dirulaguntza ematea, mikroskopio fokukide bat eros dezan. Mikroskopio horri esker, egungo ekipoen argazkien bereizmena bikoiztuko da, eta zelula-egiturari buruzko askoz informazio handiagoa lortu ahal izango da. Horrek, era berean, pazienteen diagnostikoa eta tratamendua hobetuko ditu.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu bi sailen egitura organikoak eta funtzionalak ezartzen dituzten dekretuak: batetik, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailarena eta, bestetik, Justizia eta Giza Eskubideak Sailari dagozkionak.