Gerra zibileko gudulari baten gorpuzkia berreskuratu da Saibigainen, Abadiñon

0

Babestutako leku horretan egindako hirugarren desobiratzea da, iaz prospekzio-lanak hasi zirenetik. Lan horiek aurrera jarraituko dute urtea amaitu arte

Azaroaren 2an, larunbata, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Euskal Prospekzio Taldeak Gerra Zibileko gudulari baten hezur-hondarrak berreskuratu dituzte, Saibigain mendiaren tontorretik gertu, Abadiñon. Gorpuak lurpetik ateratzeko lan horiek eta inguruko aurretiazko prospekzio-lanak Gogora Institutuak Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programaren barruan egiten ditu.

Aurkitutako lurperatzean, gizaki baten hezurdura osoa, janzkeraren hondarrak, hala nola Eusko Gudarostearen jaka eta gerrikoaren zatiak, Astra markako pistola bat, munizioa, eta objektu pertsonal batzuk, hala nola metxeroa, bi txanpon eta bi anpoila medikamentu.

Aurkikuntza Saibi (954 m) mendiaren tontorreko hegaletako batean dago, sigi-saga zulatutako lubaki baten lerrotik gertu, behealde batean, babesleku moduko bat izan daitekeena.

Urkiolako Parke Naturaleko eremu horretan 2024an egindako hirugarren desobiratzea da hau; aurrekoak otsailaren 4koak eta maiatzaren 11koak dira, baina, aurreko bi kasuetan, berreskuratutako gorpuzkiak hezur-zatiak ziren, eta ez hezurdura osoa, kasu honetan bezala. Hezurren kontserbazio-egoerak baldintzatuko du haietatik DNA berreskuratzea eta DNA Bankuan gordetzen diren senideen lagin genetikoekin kontrastatu ahal izatea eta, azkenik, identifikatu ahal izatea.

Hiru desobiratze horiek Euskal Prospekzio Taldea 2023ko irailaz geroztik egiten ari den prospekzio-lanaren emaitza dira. Parke natural gisa babestutako eremua izanik, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak baimena eskatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiari prospekzio-lanak egin ahal izateko, eta 2024 urte osora zabaldu da, oso emaitza onarekin.

Saibigain inguruan gudu gogorrak izan ziren Gerra Zibilean, 1937ko apirilaren 6tik 15era, eta hildako asko izan ziren, dokumentazioaren eta testigantzen arabera. Izan ere, gailurrak «odolaren mendia» ezizena du, tokia gorpuz josita nola geratu zen kontuan hartuta, gailurraren kontrola lortzeko borroka ezberdinen ondoren; leku hori estrategikoa zen ikuspegi militarretik.

Hortik dator inguru horretan, metodologia zientifikoa jarraituz, prospekzio sistematiko eta zehatza egiteko interesa, eta horri esker, oraindik identifikatu gabe dauden hiru pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu ahal izan dira. Hezur-hondarrak aztertu ondoren, DNA laginak hartuko dira azterketa genetikoa egiteko.

Jarduera horiek guztiak Gogora Institutuak garatzen duen Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programaren barruan sartzen dira. Programa hori Euskal Prospekzio Taldearen, Aranzadi Zientzia Elkartearen eta UPV/EHUko Biomics laborategi genetikoaren bidez egiten da.