Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak 179,6 milioi euroko aurrekontua izango du administrazio publikoa modernizatu, digitalizatu eta arintzeko

0
PRUEBA

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak (GADA) 179,6 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du 2025ean, 2024an baino 13 milioi euro gehiago. Igoera, beraz, %7,9koa izango da eta igoera horrek, administrazio publikoaren modernizazio, digitalizazio eta sinplifikazio beharrari eta apustuari erantzuten dio,  desburokratizazioaren eskutik, Euskadin bizi garen pertsonen egunerokotasuna erraztu eta hobetzeko.

Zentzu horretan, Administrazio Digitaleko eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetzak izango du aurrekonturik handiena, 130 milioi eurokoa;, ondoren Enplegu Publikoaren Sailburuordetzak, 30,2 milioi euro; Araubide Juridikoaren Sailburuordetzak, 6,2 milioi euro eta Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzak, 5 milioi euro.

Maria Ubarretxena sailburuak nabarmendu duenez, sailaren misioa da «herritarrei zerbitzu eta arreta hobea eskaintzea; erakundeen arteko interoperabilitatean sakonduz; administrazioa desburokratizatu eta arinduz, administrazio modernoago, gertukoago eta berritzaileagoa sustatuz eta autogobernua zabalduz, ongizate maila handiagoa eskuratzeko, herritarren egunekotasuna errazteko eta pertsonen bizi kalitatea hobetzeko”.

Administrazioaren Estrategia Digitala

83,3 milioi euro bideratuko dira Euskadiko Administrazio Publikoaren Estrategia Digitalera, % 19,1ko igoerarekin, legegintzaldi honetako erronketako bati aurre egiteko: Administrazio Publikoaren eraldaketa digitala eta modernizazioa bultzatzea.

Estrategia horren helburua da zerbitzuak eraldatzea, herritarrak erdigunean jartzen dituzten zerbitzu eskuragarriagoak diseinatzea, prozesuak arindu eta hobetzea, datuen segurtasuna eta babesa indartzea eta administrazio publikoan kultura digitala sustatzea. Estrategia digitalaren barruan:

  • Datu-azpiegituren Zerbitzua (Datu Zentroa) indartuko da(13M€).
  • Administrazioaren plataforma teknologikoa, PLATEA, hobetuko da (10,4M€).
  • Segurtasun-eragiketen Zentroa garatuko da sektore publiko osorako (4,3 M€).

Herritarrei eskainitako arreta hobetzea

Herritarrei arreta eta erantzun hobea emateko, 2025ean ZUZENEAN bulegoetako lurralde-zerbitzuak birmoldatu eta zentralizatzeko plana garatuko da. 2025ean, Gasteizko ARCA eraikinaren obraren lizitazioa abiatuko da, beheko solairuan herritarren arretarako bulegoak kokatzeko eta Bilboko eta Donostiako bulegoetan ere hobekuntzak egitea aurreikusten da.

Administrazioen arteko lankidetza

Eusko Jaurlaritzaren eta EUDELen arteko lankidetza indartzea funtsezkoa izango da toki-administrazioetatik hurbilago egoteko eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean jasotako toki-autonomiaren garapenerako. 100.000 euroko zuzkidura bideratuko da helburu horretara. 2025. urtean, gaikuntza nazionaleko 177 funtzionario-plaza izango dituen lan-eskaintza publikoa egingo da, udaletako eta mankomunitateetako idazkarien, kontu-hartzaileen eta diruzainen defizita arintzeko. Eta administrazioen arteko lankidetza sustatuko da, baita ere, datorren urtean Gasteizen egingo den OGPren Goi Bilera Globalaren edo gobernu irekirako aliantza globalaren bidez eta OGP Euskadi 2025-2028 Erakundearteko Plan berriaren bidez, 65.000 euroko aurrekontuarekin.

Langile publikoen prestakuntza eta ezagutzaren transmisioa

Enplegu publikoa egonkortzeko prozesua amaitu ostean, 2025ean enplegu-eskaintza publiko egituratuen etapa berri bati ekingo zaio, eta langileen arloko kudeaketa-prozedurak eta lehiaketa- eta hautaketa-prozedurak digitalizatuko dira, kudeaketa arintzeko. Era berean, belaunaldi-erreleboa bermatzeko, tresna digital berri bat sortuko da langileen ezagutzaren transmisiorako eta euskal administrazio publikoan lan egiten duten langileek eskuratu eta garatu beharreko gaitasunak jasoko dituen eskuliburua diseinatuko da.

Gardentasun legea eta administrazioaren arintze eta sinplifikazioa

Aurrekontuan islatuta ez badaude ere, sailburuak bi legeak aipatu ditu, saileko langileek datorren urtean garatuko dituzten proiektu estrategikoak direlako. Saila gardentasunaren lege-aurreproiektuaren onarpena amaitzen ari da, eta dagoeneko abiatuta dago zerbitzuen sinplifikazioari eta errepikatzen diren izapideei buruzko azterketa eta diagnostikoa, legea zehazteko baliagarria izango dena. Gehien eskatzen eta erabiltzen diren zerbitzu eta izapideak ere identifikatu dira; horiek biztanleriaren %15ak, hau da, 335.000 pertsona baino gehiagok erabiltzen dituzte, eta 2025ean izapide eta zerbitzu horiek arindu eta sinplifikatzeari ekingo zaio.

Formakuntza, zibersegurtasuna, aplikazioen modernizazioa eta sareen hedapena

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren mende dauden enpresa publikoen aurrekontuei dagokienez; IVAPek Eusko Jaurlaritzako langileen garapen profesionala sustatzen jarraituko du, sarbide, prestakuntza eta belaunaldi-erreleborako politikekin; eta hizkuntza-eskakizunak egiaztatuz. Horretarako, guztira, 18,6 milioi euroko aurrekontua izango du.

Sailak 84,1 milioi bideratuko ditu EJIE Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartera.

  • 11,4M€ zerbitzari propio eta software aplikazioetarako.
  • 1,6M€, aplikazioak modernizatzeko, baliabide eta tresna modernoago, berritzaileago, seguruago eta eraginkorragoak izateko.
  • 2,6 M€ Datu Zentroaren garapenerako.

Eta milioi bat euro bideratuko da Itelazpira:

  • Formatu digitaleko irratia abian jartzeko, hiru hiriburuetako zentroetan.
  • IoT sarea hiru lurraldeetan hedatzeko.
  • LTD transmisio-ekipoen berrikuntza integralerako

Autogobernua defendatu, zabaldu eta hobetzea

Ubarretxena sailburuak hitzaldia amaitu du autogobernuaren defentsa eginez eta eskualdatzeke dauden 29 eskumenen transferentzia gauzatu dadin eskatuz.

Gaineratu duenez, Araubide Juridikoaren Sailburuordetza arduratuko da Gernikako Estatutuaren eta EAEko sektore publiko osoaren defentsa juridikoaz, Euskadiko pertsona guztien eskubideak zainduz eta defendatuz, «Konstituzio Auzitegiaren aurreko auzi bakoitzean, transferentzia-akordio bakoitzean eta eskualdatzeke dauden eskumenak geureganatzeko aldarrikapen bakoitzean» nabarmendu du Ubarretxenak.