Hezkuntza Sailaren aurrekontua: 3.247,5 milioi ekitatea, sistemaren hobekuntza integrala eta berrikuntza lantzeko

0
PRUEBA

Hezkuntzari buruzko Legea onartu ondoren sortutako lehenengo kontuek Euskal Hezkuntza Sistema hobetzearen aldeko herri-apustua adierazten dute. Etorkizuneko aukerak sustatzea eta ikasleen ongizatea erabakien erdigunean jartzea da helburu nagusia.

Hezkuntza Sailaren historiako aurrekonturik handiena egin da eta hainbat inpaktu-politika ezarri dira, hala nola «Eskola Denontzat» (137 milioi euro) ekitatearen aldeko neurriak jasotzeko, eta «Hezkuntza Eraiki 2030» estrategia (168 milioi euroko inbertsioa). 

Berrikuntza eta digitalizazioa bete-betean sartuko dira ikasgeletan «Adimen Digitala Hezkuntzan» estrategiaren bidez (54,5 milioi euroko inbertsioa).

Begoña Pedrosa sailburuak Hezkuntza Sailaren 2025eko ekitaldirako aurrekontuak aurkeztu ditu. Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza arloan proposatutako historiako aurrekonturik handienak dira, eta Jaurlaritzak hezkuntzarekin hartu duen konpromisoa zer-nolakoa den erakusten du, herri-erronkatzat hartzen baitu eta «Euskadi Berria» proiektuarekin bat egiten baitu. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak adierazi duen moduan, «Hezkuntzan inbertitzea etorkizuna da. Aurrekontu hauekin proposatzen ditugun ekintzak funtsezkoak dira Euskal Hezkuntza Sistema Europako erreferente izan dadin esparru estrategikoetan, hala nola, hezkuntza inklusioan edo eraldaketan».

Aurrekontuaren zenbateko osoa 3.247,5 milioi eurokoa da, aurreko ekitaldian baino 121,6 milioi euro gehiago, hau da, % 3,9 hazi da. Sailburuak adierazi du Hezkuntza Sailak berretsi egingo duela bere apustua, «gure ikasleak sistemaren erdigunean jartzeko eta irakasleen eta hezkuntza-langileen egonkortasuna hezkuntza-kalitatearen funtsezko elementu gisa finkatzeko». Izan ere, Langileen Kapituluak bilakaera izan duela ikus daiteke aurrekontuetan, 2025eko ekitaldian 1.793,2 milioi eurokoa izango baita, 2024ko ekitaldian baino 52 milioi gehiago. Aurrekontu osoaren % 55 suposatzen du, eta sare publikoaren zerbitzura dauden langileen ordainsari-politikako konpromiso guztiak jasotzen ditu (ikasturte honen hasieratik 756 pertsona gehiago daude lanean hezkuntza-familietan).

«Eskola Denontzat» ekimenak ekitatea indartzen du 137 milioirekin

Pedrosak «Eskola Denontzat» esparrua aurkeztu du, zeinak unibertsitatez kanpoko beken politika eta jantokiko eta garraioko zerbitzu osagarriak biltzen baititu, gure ikasleen aukera-berdintasuna orekatzeko tresna eta elementu gisa. Hezkuntza-ekitateko politika hauek indartzeko 137 milioi euro erabiliko dira, hau da, % 6,5 gehiago. «Hezkuntza zera da, kohesio soziala, berdintasuna, dibertsitatea, justizia eta oreka bilatzen dituen herrialde baten apustu estrategikoa», adierazi du sailburuak, ekitatezko hezkuntza-sistema bat bilatu behar dela zehar esanez, eta ikasle guztiei aukera-berdintasunean oinarrituta erantzun behar zaiela nabarmendu du: «hezkuntza-aukera eta arrakasta ikasle guztientzat».

Bestetik, Haurreskoletan sartzea doakoa izango da lana eta familia uztartzen laguntzeko neurri gisa, eta horretarako, guztira, 79,6 milioi euroko inbertsioa egingo da.

Hezkuntza Eraiki 2023

2025eko aurrekontuek 168 milioi euroko inbertsio produktiboa finkatzen dute. Obra-inbertsioa nabarmentzen da, 106 milioi eurora igo baita. Estrategia berri honen helburua, halaber, beharrizan berrietara egokituko diren proiektuak gauzatzea da, bai eta instalazio eta espazio malguak ematea ere ikastetxeetan ikasteko, ikastetxe horiek irisgarriak, energetikoki eraginkorrak eta iraunkorrak izan daitezen.

Konpromiso irmoa inklusioaren eta dibertsitateari eman beharreko arretaren alde

Politika horiek guztiak indartzeko, «Dibertsitateari erantzun inklusiboa emateko estrategia» berria onartu da, eta horretarako, 288 milioi euro inbertitu dira, bai eta dibertsitateari erantzuteko hainbat programa sortu ere, zeinak 62,7 milioi euroko inbertsioa eta ia mila langile izango baitituzte. Gainera, hezkuntza-laguntzako berariazko premien eta hezkuntza-premia berezien programek 189 milioi euro inguruko langile-aurrekontua izango dute, bai eta 3.710 langile ere, zeinak egunero lan egiten baitute berariazko neurriak eta laguntzak behar dituzten ikasleentzat.

27 milioi Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Instituturako

Hezkuntza sailburuak iragarri duenaren arabera, Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutua 2025ean definituko da modu integralean. Hasiera batean, 27 milioi euroko zuzkidura izango du eta etengabeko ikaskuntzan eta berrikuntzan oinarrituko da: prestakuntza metodologikoa, hizkuntzetako programak edo euskara indartzeko proiektu komunitarioak. Institutua sortu berria da, eta, bereziki, hezkuntzako profesionalen komunikazio- eta metodologia-konpetentziak indartzea du helburu, bai eta hizkuntzen ikaskuntza eta erabilera bideratzeko modu berrien ikerketa eta garapena sustatzea ere.

Hezkuntza-sistemaren hobekuntza integrala eta eraldaketa digitalean aurrera egitea

Sailburuak azaldu duenez, «ikasle guztiek hezkuntzan arrakasta izatea utziezineko apustua da», eta Euskal Hezkuntza Sistemaren hobekuntzan jokoan sartuko diren alderdi nagusiak xehatu ditu, hau da, ebaluazio-tresnak, ikasteko zailtasun espezifikoak identifikatzeko prestakuntza eta irakurmenaren eta matematikaren ulermena indartuko dituzten proiektuen sustapena, besteak beste.

2022-2024 aldian hedatutako eraldaketa digitalaren esparruari jarraipena emanez, Hezkuntza Sailak lehentasuna ematen jarraituko dio erabiltzaileek teknologiaren erabilera ona egiteari eta haien segurtasunari. «Adimen Digitala Hezkuntzan» plan berriak (Euskal Hezkuntza Sistemaren Estrategia Digitala eta Adimen Artifiziala) jarraipena emango dio estrategia digitalari, guztira 56,5 milioi eurorekin.

Pedrosa sailburuak hainbat programa nabarmendu ditu, hala nola «Eskola adimentsua«, 5,4 milioi euroko finantziazioa izango duenak, edota digitalizaziorako mentoreen programa, 4,4 milioi euro izango dituenak. Programaren helburua pentsamendu konputazionala, programazioa eta robotika ikaskuntza-prozesuetan txertatzea da, bai eta bokazio digitalak sustatzea ere, STEAM diziplinen gaineko ezagutza eta interesa sustatuz.

Produkzio-sareari erantzuteko Lanbide Heziketa

Berrikuntza nortasun-ikurtzat hartuta, euskal Lanbide Heziketak herrialdeko ekonomiaren beharretara bideratutako erreferentzia-eredu izaten jarraituko du. 2030erako Lanbide Heziketako Euskal Estrategia berriak 124 milioi euroko kontu-saila izango du, malguagoa, profil berrietara bideratua eta nazioartean aitortua izan dadin.

2025ean, Lanbide Heziketan aplikatutako berrikuntzaren aldeko apustua egiten jarraituko da, 23 milioi euroko zuzkidurarekin, gaitasunak indartzen jarraitzeko eta Lanbide Hezkuntza ezagutzaren eta teknologiaren muga berrietara bideratzeko.

Arlo honetako erronka handienetako bat hasierako LHn talde ahulenak sartzea da. Kontuan hartuta helburua gizarte-kohesioa dela, eta egokitutako ikaskuntza-ibilbideen bidez inor atzean ez uzteko erabakitasuna izanez, Pedrosak azaldu duenaren arabera, «eskola-uztea saihestu nahi da, bai eta pertsona migratzaileei eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei, zein lanbide-esperientzia izan baina titulurik ez duten pertsonei lagundu ere».

Helburu horrekin, 2025ean ikaskuntza berezien aldeko apustua indartuko da 51 milioi euroko zuzkidurarekin. Inbertsio horri esker, hasierako lanbide-heziketa finkatu ahal izango da, zeinaren helburua zeharkako konpetentzien eta konpetentzia profesionalen arloko prestakuntza eskaintzea baita, garapen pertsonala eta profesionala ahalbidetzeko.