Osasun Sailak Biogipuzkoari dirulaguntza emango dio bereizmen handiko mikroskopio fokukide bat eros dezan

0

Ekipo horri esker, pazienteen diagnostikoa eta tratamendua hobetuko da, egungo argazkien bereizmena bikoiztuko baita eta, hartara, zelula-egiturari buruzko informazio handiagoa lortuko baita

Gobernu Kontseiluak, Osasun Sailak eskatuta, erabaki du Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuari 125.000 euroko zuzeneko dirulaguntza ematea, mikroskopio fokukide bat eros dezan. Mikroskopio horri esker, egungo ekipoen argazkien bereizmena bikoiztuko da, eta zelula-egiturari buruzko askoz informazio handiagoa lortu ahal izango da. Horrek, era berean, pazienteen diagnostikoa eta tratamendua hobetuko ditu.

Horrekin, gainera, Biogipuzkoak azken belaunaldiko irudiak hartzeko eta aztertzeko azpiegiturak behar dituzten proiektu berezietan parte hartzeko duen gaitasuna indartuko da, eta, horrela, Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean (ZTBP) identifikatutako Osasun Pertsonalizatuaren lehentasun estrategikoa bultzatuko da.

Ardatz horretan kokatzen da, hain zuzen, gaitasun zientifiko-teknikoak indartuko dituen baliabideen zuzkidura eta eguneratze teknologikoa, betiere langileen beharrei erantzungo dieten ekipamendu handiak berritu eta eskuratzearen bidetik eta informazio- eta kudeaketa-sistemak berritu eskuratzearen bidetik.

Esparru horretan, eta Euskadi 2030 ZTBP planari jarraikiz, 2022-2025 aldirako Ikerketa eta Berrikuntza Estrategiak islatzen du Euskadik osasunaren arloko ikerketaren eta berrikuntzaren alde egindako apustu estrategikoa. Apustu horren helburu nagusia da Osasun Ikerketako Institutuak bikaintasunerantz espezializatzea.