Eusko Jaurlaritzak Europako foro ekonomikoetan erabateko parte-hartzea eta funtsen maila anitzeko gobernantza eskatu ditu

0

Eusko Jaurlaritzak “Europako foro ekonomikoetan erabateko parte-hartzea” eskatzen du, “uste baitu Europako Kohesio Politikak kontuan izan behar dituela kudeaketan zuzeneko eskumena duten eskualdeetako gobernuak, eta ahalbidetu behar digula gure programa eragileen prestakuntzaren buru izaten”. Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak mezu nagusi horrekin, eman dio amaiera Europako eskualdeetako adituek euskal eragileekin egindako bilerari. Atzo hasita, Bilbon ari dira eskualdeen arteko lankidetza-proiektuak finantzatzeari buruzko topaketa hori egiten.

Europako Batzordearen barne-dokumentuak hedabideetan argitaratzearen harira egin du Noël d’Anjouk erreklamazio hori. Izan ere, Kohesio Politikaren funtsen arloan izan daitezkeen aldaketa handiak jasotzen dira dokumentu horietan, eta, zenbait interpretazioren arabera, estatu kide bakoitzeko eskualde-programak programa bakar batean bil daitezen saiatzeko “sinplifikazioa” bultzatzen dute.

 “Proposatutako Estatuko programa bakarraren sistema hori gaitzesten dugu Euskadin, eta eskualdeek 2028tik aurrera kohesio-politika berritu, indartsu eta modernoa prestatzeko etorkizuneko etapa guztietan zuzenean parte hartzea defendatzen dugu”, aditzera eman du Ogasun eta Finantzetako sailburuak, eta “mugaz gaindiko lurralde-estrategia koordinatuak garatzeko” beharra nabarmendu du. Adierazi duenez, “erronka gehienek eskualdeen mugak gainditzen dituztenez gero, programa tradizionalek administrazioaren maila guztiak (Europakoa, eskualdekoa eta tokikoa) inplikatuko lituzketen lurralde-estrategia koordinatuak izan beharko lituzkete, eta sinergiak eta osagarritasunak behar bezala ustiatzea ahalbidetuko beharko lukete”.

Eusko Jaurlaritzak aldarrikatu du komeni dela subsidiariotasun-printzipioan oinarritutako maila anitzeko gobernantza eraginkorra egituratzea, “eskumen legegile eta finantzario propioak ditugun eskualdeek eta nazionalitateek botere konstituzionalak erabat garatu ahal izan ditzagun Europar Batasunaren esparruan, eta, horrela, eztabaidak aberastu daitezen, legitimitatea indartu dadin, parte-hartze eta kontrol demokratikoa areagotu dadin eta Europa eraikitzeko eta integratzeko prozesuari lagundu dakion”.

Ogasun eta Finantzetako sailburuak amaiera eman dion topaketa horretan, Europar Batasuneko eskualdeen arteko Ikasketa Politikorako Plataformak bi lantegiren bidez sakondu du Europako industria-eraldaketaren zenbait alderditan. Topaketa horretan, Euskadirekin batera, Europako zenbait eskualde izan dira, hala nola Emilia Romagna, Finlandiako Tampere, Brandenburgo, Stockholm-eko eskualdea eta Galizia. Horrez gain, Regio Zuzendaritza Nagusiko eta Europako Batzordeko ordezkariak izan dira, baita hainbat aditu ere.