Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak 631,3 milioi euroko aurrekontua izango du 2025erako

0
PRUEBA

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak 631 milioi euroko aurrekontua izango du 2025erako, berrindustrializazioaren, enpresen lehiakortasunaren eta energia berriztagarrien hedapenaren zerbitzura; horrek esan nahi du 2024ko aurrekontuarekin alderatuta ia 32 milioi euro gehiago izango direla, hau da, % 5,2ko igoera (beste sail batzuen batez bestekoa baino handiagoa).

 “Bizi dugun une historiko honen aurrean, 2025erako anbizio handiko aurrekontua aurkezten dugu. Jauzi kualitatibo bat eman nahi dugu eta Euskadi Europako berrindustrializazioaren aitzindari gisa jarri nahi dugu. Inbertsio garrantzitsuak egingo ditugu gure industria trantsizio energetikoaren eta eraldaketa digitalaren eragile nagusi izan dadin. Etorkizuneko erronken aurrean aitzindari izan nahi dugun edo atzean geratu nahi dugun erabaki behar dugu. Guk argi daukagu”, azaldu du Mikel Jauregi sailburuak Eusko Legebiltzarreko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Batzordean aurrekontuak aurkeztu dituenean.

Euskadi ongizatean hazteko eta etorkizuneko industriaren oinarriak ezartzeko helburuarekin, 2025erako aurrekontua hiru multzotan egituratzen da: industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago.

Aurrekontu hauen modu paraleloan, ETEentzako Laguntza Plan anbizioso bat aurkeztuko da urtarrilean, Saileko eta sozietate publikoetako 500 milioi eurotik gorako zuzkidurarekin.

Industria gehiago

Jauregi sailburuak adierazi duenez, “Euskadiren izaera industriala funtsezkoa izan da gaur egun dugun ongizate-ereduari eusteko. Industria lehiakortasunaren eta hazkundearen faktore nagusietako bat da, eta, horregatik, 2028 Industria Garapenerako Plan Estrategiko berri bat jarriko dugu abian, Euskadi Europako berrindustrializazioaren aitzindari izan dadin”.

Kapitulu honetan 60 milioi euro baino gehiago esleitu dira, Industria Garatzeko ETEen Programan banatuta. SPRI Taldearen industria-programa nagusiek indarrean jarraituko dute 2025ean; INDARTU programak, eremu behartsuetara zuzenduta dagoenak, 20 milioi euroko zuzkidura izango du, eta GAUZATU programak, berriz, azken urteetako aurrekontu-zuzkidurari (28 milioi euro) eutsiko dio. Sailak kluster industrialen politikaren aldeko apustua egiten jarraituko du 4 milioi eurorekin eta 4.0 industriaren aldekoa beste 8 milioi eurorekin.

2025ean, erabiltzen ez diren aktiboak berreskuratzetik datozen industria-partzelen 325.000 m² jarriko dira industria berriaren eskura (legegintzaldian 1.250.000 m2 eskura jartzeko helburuarekin); SPRILURek 43,3 milioi euro bideratuko ditu helburu horretara. Sidenorren kasua jarri du adibide: 99.000 m2 bigarren faserako obren lizitazio-prozesuan daude. Bestalde, hirigintza-garapen berriak egiteko 1.600.000 m2 industria-partzela gaitzeko eta merkatuaren esku jartzeko, 33,3 milioi euro zuzenduko dira horretara. Adibide gisa, Larrin (Azpeitia) 109.000 m2-rekin eta Eskusaitzeta (Donostia) 130.000 m2-rekin nabarmentzen dira.

Sailak euskal enpresak nazioartekotzearen aldeko apustua egiten jarraituko du; eta, horretarako, Euskadiko Kanpo Sarea 34,8 milioi eurorekin (% 10eko igoera) indartzea planteatzen da, enpresa txiki eta ertainei laguntzeko, Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren merkataritza-bulegoen bidez. Agentzia horrek, gaur egun, 22 merkataritza-bulego propio ditu, eta 2024. urtearen amaierarako 23. bulegoa zabalduko du Australian. Halaber, nazioarteko esparruan gazteak prestatzeko Bekak eta ETEak nazioartekotzeko programak eta laguntzak aurkeztu dira 23,8 milioi euroko balioagatik; horien artean daude, adibidez, Global Training edo BEINT bekak.

Ekintzailetza berritzailea ere indartuko da, 7,7 milioi eurorekin. Horrez gain, 2,5 milioi euro bideratuko dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BICetara, edo BIND 4.0 startupak azeleratzeko programa indartuko da 1,1 milioi eurorekin.

Industria hobea

Jauregiren ustez, “berrikuntza, ikerketa eta garapen teknologikoa ezinbestekoak dira euskal enpresen lehiakortasuna indartzeko”. Aurreratu duenez datozen hamarkadetan, Euskadiko produkzio-sarea sakon eraldatuko da. Sail honen konpromisoa eraldaketa hori babestea da; horretarako, inbertsio publiko-pribatu garrantzitsuak eta gero eta handiagoak behar dira.

I+G+b-ra bideratutako aurrekontua 285M€ da, eta berrikuntzaren alorrean % 6,3ko igoera suposatzen du datu homogeneoak alderatuta. Horietatik, I+G+b programetara eta digitalizaziora bideratutako laguntza deialdien aurrekontuak, oro har, 257 milioi euro izango ditu. Nabarmentzekoa da programa propioetan izandako gehikuntza; adibidez ELKARTEKen 47 milioi euro igo dira (% 6,8ko igoera) edo HAZITEKen 93 milioi euro. EMAITEK+ 58,6 milioi eurorekin indartu da. Datu aipagarria da, kontuan hartzen baita IKZen (Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroak) partidak transferituko direla eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak kudeatuko dituela.

Teknologiaren arloan, “Innobideak Fast Track” programa —I+G proiektuak beren eskalatze industrialera eta merkatura iristea bizkortzeko helburua duena— % 32 handituko da, eta 10 milioi eurora iritsiko da. Berrikuntza gisa, partida berri bat sortu da EUSKORPUSentzat; Kultura eta Industria Sailek partekatutako proiektu bat da, euskarazko hizkuntza-baliabide digitalen banku bat eratzeko. Guztira, 5 milioi euro dira, 2 milioi euro 2025erako eta 3 milioi euro 2026rako.

Eraldaketa digitalari dagokionez, 30 milioi euroko laguntza-programa aurkeztu da. Programa horretan sartzen dira industria digitalerako, adimen artifizialerako, zibersegurtasunerako edo Smart Industry eta Teknologia Kuantikoetarako laguntzak.

Euskadiko Parke Teknologikoek funtsezko zeregina dute industria hobetzeko bidean, eta, horregatik, ezinbestekoa da azpiegitura berrien garapena sustatzea, enpresa-proiektu berriak erakartzeko eta ezartzeko. Parke teknologikoetan inbertsioak 49 milioi eurokoak izango dira. Nabarmentzekoak dira Galarretako eraikinean inbertituko diren 13 milioi euroak Gipuzkoan, Zorrotzaurreko campusean inbertituko diren 10,3 milioi euroak Bizkaian edo Abantoko campuseko María Telkes eraikinean inbertituko diren 7 milioi euroak.

Emisio gutxiago

Euskadik 2050erako deskarbonizazio-helburu handinahia ezarri du herrialde gisa: emisioetan neutralak izatea. Horretarako, trantsizio horri modu ordenatuan ekin behar zaio, garapen jasangarria eta bidezkoa sustatuz. Mikel Jauregik adierazi duenez, “Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak industriarekin eta industriaren eskutik gidatu nahi du aldaketa hori. Saila honek inbertsioak egiteko konpromisua hartu du. Badakigu deskarbonizazio-prozesuak azpiegitura berriak garatzea eskatzen duela —batez ere, elektrizitate berriztagarria sortzekoak, parke eoliko eta fotovoltaikoekin”.

 Deskarbonizaziora begira, legegintzaldirako 260 milioi euroko inbertsio-konpromisoa jarri da martxan. 2025erako 22 milioi euroko aurrekontua bideratu da energia-eraginkortasunerako eta industria-deskarbonizaziorako, eta 80 milioi eurokoa autokontsumoa sustatzeko.

2025erako, dirulaguntzen programak indartzeko apustu berezia proposatzen da, bai Sailetik, bai EEE – Energiaren Euskal Erakundetik, baliabide propioekin, eta Europako Batzordearen eta Estatuaren beste funts batzuk iristea oztopatu gabe. Guztira, funts propioen bidez 260 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da deskarbonizaziorako legegintzaldian zehar.

Energia-efizientzia industriala eta emisioen murrizketa sustatuko dira, 4 urtean 100 milioi euroko inbertsioa eginez, eta industria-esparruan energia-efizientzia lortzen laguntzen duten inbertsioetarako laguntza-mekanismoak areagotuko dira. Beraz, aurten 22 milioi euro jarriko dira deskarbonizazio-programarako.

Elektrizitate berriztagarriari eta autokontsumoari dagokienez, Sailak 160 milioi euro mobilizatuko ditu legealdi honetan industriako eta etxeko autohornidurarako, eta bi urteko partida bat esleituko da autokontsumoa eta kontsumo termikoen elektrifikazioa sustatzeko (80 milioi euro).

Energiaren Euskal Erakundeak 47,3 milioi euro bideratuko ditu energia berriztagarrien ekimenetan oro har (eguzki-energia fotovoltaikoa, eolikoa, hidrogenoa, biomasa, etab.) parte hartzeko. Nabarmentzekoa da eguzki-energia fotovoltaikoko proiektuetarako 18 milioi euro bideratuko direla.

Ekonomia zirkularra funtsezkoa izango da Euskadiren garapen jasangarrian, eta, horregatik, handitu egingo da arlo horretako aurrekontua. Alde batetik, dauden programak indartuko dira eta inbertsio berriak egingo dira, hala nola 17 milioi euro biometanizazioko Metabarriko instalaziorako, edukiontzi marroiko 40.000 tona hondakin tratatzeko, eta 2,5 milioi euro Bizkaiko garbiguneak hobetzeko. Berrikuntza gisa, hondakina digitalizatzeko proiektu bat sustatuko da, hondakinen mugimenduari buruzko datuak denbora errealean biltzeko gai izango den sistema adimendun bat ezarriz. Gainera, hondakinak tratatzeko azpiegituren LPSeko proiektua kontratatzea aurreikusten da.

Sailak eta IHOBEk guiztira 9 milioi euro bideratuko dituzte euskal enpresak ekonomia zirkularrera igarotzeko. Lankidetza publiko-pribatuko ekimenak indartzen dira, hala nola Basque Ecodesign Center eta ETE Zirkularra programa. Basque Circular HUBen egoitza berria ere irekiko da Arrasaten.

Ekintza klimatikoari dagokionez, nabarmentzekoa da 2024an onartutako Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legeak ezarritako lehentasuna; izan ere, legean jasotako ekimenak eta tresnak hedatu behar dira —hala nola erregistroa diseinatzea, herritarrek parte hartzeko tresnak dinamizatzea edo metodologiak—, klima-aldagaia araudian eta sektoreko plangintzan txertatzeko.

Klima Aldaketaren aurka borrokatzeko, ingurumen-hezkuntza hobetzearen aldeko apustua egingo da, eta, horretarako, funtsezkoa izango da Ekoetxea Sare berria. Sailak sare zabalago bat osatzeko lanean aurrera egitea planteatu du, 2021ean 4 zentro zituen sare bat izatetik 2028an 6 zentro propio izatera pasatuz. Testuinguru horretan kokatzen dira 3,2 milioi euroko partida Añanako Ekoetxea Berrirako eta 1,2 milioi eurokoa Urdaibaiko Madariaga Dorrearen kanpo-egokitzapenerako.

Biodibertsitatearen kontserbazioa izango da aurrekontuko beste jarduketa-ildoetako bat. Horretarako, ingurumena lehengoratzeko jarduketa garrantzitsuekin jarraituko da, hala nola, Txingudin Bidasoako uharteen proiektua amaitzeko 1,1 milioi euro, eta Urdaibaiko Biosferako ia 2 milioi euro.

Azkenik, URA – Uraren Euskal Agentziaren aurreikuspena da 105 milioi euro inbertitzea 4 urtean, uholde-arriskuan dagoen biztanleria % 20 murrizteko. 2025erako 26 milioi euroko aurrekontua egin da uholdeei aurre egiteko; besteak beste, diru hori Zadorra-4. Fasean (Vitoria-Gasteiz), Kadaguan (Aranguren-Zalla), Ziakon (Andoain) eta Soraluzen inbertituko da. Saneamendu- eta arazketa-zerbitzuak bermatzen jarraitzeko 7,9 milioi euro bideratuko dira, Antzuolan, Mallabian (Goitondo), Mungian, Bilboko Portuan edo Manzanosen jarduketak burutzeko.