I³ Lab Campus laborategiko ateak zabalik

0
Laboratorio I³ Lab Campus | Foto: Nuria González. UPV/EHU.
PRUEBA
 

I³ Lab campus, Ideien Laborategia ez da beste topagune bat, etengabeko lankidetzari irekitako gune bat baizik, UPV/EHUren IKD i³ eredua Arabako campusean aurrera egitea eta indartzea helburu duena. Ildo horretan, funtsezkoa da campuseko unibertsitate eragileen artean irakaskuntza eta ikaskuntza modu berri aktiboagoak eta lankidetzakoak ahalbidetuko dituzten espazioak izatea. Espazio honek, Unibertsitate Pabiloian dagoena, diziplina dinamika tradizional eta estatikoekin hautsi nahi du, IKD i³ –Ikaskuntza, Ikerkuntza eta Jasangarritasuna– hiru ardatzetan ikuspegi integratzailea bilatuz, diziplinaz haratagoko ikuspegi argi eta garbi batetik.

‘I³ Lab campus’ ekimenak erantzuna eman nahi dio, Arabako campuseko ikastegi ezberdinetako ikasleek ikasi, sortu eta elkarlanean aritzeko topaguneen beharrari. Altzari moldakorragoak dituen espazio honek errazten ditu sormena eta talde lanak egitea, giro eroso eta atseginean.

Bestetik, jarduera akademiko kolektiboak garatzeko gune bat izan nahi du, hala nola jardunaldiak, tailerrak, lan bilerak eta abar. Horretarako, erreserba eskatu beharko da behar besteko aurrerapenarekin, espazioaren erabilgarritasuna eta baliatu beharreko ikus-entzunezko baliabideak bermatzeko.

Edonola ere, hazkunde esponentziala bultzatu nahi da ikaskuntzan, ikerkuntzan zein jasangarritasunean, ideia eta proiektu berritzaileen garapena ahalbidetuz.