2030erako Haur bermearen euskal estrategiak hamar erronka eta hamabi helburu orokor estrategiko ezartzen ditu

0

Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak Haur Bermearen Euskal Estrategia 2030 (HBEE 2030) abiarazi du. Estrategia honen bidez, haurrek eta nerabeek beren bizi-proiektuak bultzatzeko eskubideak eta aukerak eskura izatea jorratzen da. Euskal estrategia hau Europako Haur Bermearekin lerrokatzen da, eta modu berritzailean eragiten die funtsezko arloei, zenbaitetan kontuan hartzen ez direnei, esaterako aisiari eta kulturari, baita haien partaidetzari, bai gizartean bai politikan.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburu Nerea Melgosak azpimarratu duenez, “eraldatzen ari den eta gero eta anitzagoa den Euskadi honetan ezinbestekoa da haur eta nerabeen eta familien politika bultzatzea, kalitatearen, eraginkortasunaren, unibertsaltasunaren eta elkartasunaren printzipioetan oinarrituta, haur, nerabe eta familien aniztasunera egokituta, eta kalteberenei arreta berezia eskainiz, aukera-berdintasunaren eta kohesio sozialaren mesedetan”.

Estrategia berri honek oinarri-dokumentu bat du, izaera estrategikoa duten 10 erronka eta 12 helburu orokor ezartzen dituena, Europako Haur Bermearen esparruan haur-bermearen berezko 4 ardatz eta 14 jarduera-eremuri lotuta. Erronka eta helburu horiek sektore publikoaren ekintzarako orientabideak dira, familiekin eta komunitateekin, hirugarren sektore sozialarekin eta enpresekin lankidetzan.

Zehazki, Familiei eta Haur eta Nerabeei Laguntzeko Erakunde arteko V. Plana lantzen hasia da dagoeneko; HBEE 2030ekin lotuko da, eta orientabide horiek kontuan hartuko ditu.

Estrategia honen berrikuntzetako bat paradigma inbertitzailean eta eskubideetan oinarritutako ikuspegi integral eta prebentiboan datza.

Azpimarratzekoa da, bestetik, haurrei eta nerabeei zuzendutako politiketan jartzen dela enfasia, adingabeak eskubideen subjektu eta beren bizitzako protagonistatzat hartuta eta haien partaidetza bultzatuta. Haur eta nerabeen arloko erakundeekin partekatzen da enfasi hori, eta barnean hartzen du haur eta nerabeen politikak familien politiketatik bereiztea beharrezkoa dela, hargatik eragotzi gabe politika horiek artikulatzea. Erakundeen arteko V. Planak, izan ere, bi politika horiek bereiziko ditu.

Europako Haur Bermeak arlo horretan Europar Batasunak dituen ekimenak lerrokatzen ditu, eta plangintza- eta finantza-esparru bat ematen die.

Azkenik, nabarmentzekoa da jarraipen- eta ebaluazio-sistema bat garatu dela, erakundeen arteko V. Planaren diseinuari, monitorizazioari eta ebaluazioari begira hedatu beharreko adierazleen matrize bat barne, horrela ebidentzian oinarritutako ebaluazioa eta politikak indartzeko.

Haur Bermearen Euskal Estrategia eta estrategia hau garatzen duten erakundeen arteko planak “lehen mailako gizarte-inbertsioa” dira, Melgosa sailburuaren hitzetan.

Zuzenbideko subjektuak

Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan, 2030 Agendan eta Gizarte Eskubideen Europako Zutabean kokatzeaz gain, Haur Bermearen Euskal Estrategia Haur eta Nerabeei buruzko otsailaren 15eko 2/2024 Legean sartzen da, eta, hain zuzen ere, horren lehen hedapena da. Lege honek honako ikuspegi hau jasotzen du: haurrak eta nerabeak eskubideen titularrak dira, beren orainaren protagonistak, eta beren etorkizuna eta euskal gizartearena eraikitzen dute.

Haur eta nerabe guztiek eskubide guztiak benetan erabil ditzaten sustatzean oinarritutako ikuspegia da, baina arreta berezia jartzen da, nahitaez, lehen haurtzaroan funtsezko etapa gisa eta baztertuta edo kalteberatasun-egoeran dauden haurretan.

Estrategia hau sailen artekoa eta erakundeen artekoa da, eta lidergo publikotik abiatuta, gainerako eragile eta sektoreekin lankidetzan garatu behar da: familiak eta komunitateak, hirugarren sektorea eta enpresak.

Erronkak eta helburuak

2030erako Haur Bermearen Euskal Estrategiak hamar erronka hauei erantzun nahi die:

  • erronka: Haurren pobrezia-tasa eta biztanleria helduaren tasarekiko arrakala murriztea.
  • erronka: Haurrak artatzeko eta zaintzeko zerbitzu irisgarriak, lorgarriak eta kalitatezkoak bermatzea, batez ere premia handienak dituzten familientzat.
  • erronka: Familia eta lana bateragarri egiteko formulak bultzatzea, familia guztiei zuzenduak, prekarietate edo kalteberatasun sozioekonomikoko egoeran daudenen beharrak eta inguruabarrak kontuan hartuta.
  • erronka: Aukera-berdintasuna bermatzea eta ezagutzaren gizartean goranzko mugikortasun soziala bultzatzea.
  • erronka: Kalteberatasun-egoeran dauden haur eta nerabeen osasuna eta ohitura osasungarriak hartzea sustatzea.
  • erronka: Haur eta nerabe guztiek etxebizitza seguru eta egokia izango dutela bermatzea.
  • erronka: Babesgabetasun-egoeran edo arriskuan dauden haur eta nerabeekiko lana indartzea, bereziki ingurune komunitarioan.
  • erronka: Kalteberatasun-egoeran dauden haur eta nerabeek hezkuntzarako eta aisiarako, eskolaz kanpoko jardueretarako, kulturarako eta kirolerako sarbidea izan dezaten sustatzea.
  • erronka: Kalteberatasun-egoeran dauden haur eta nerabeek gizartean parte hartzeko aukerak zabaltzea.
  • erronka: Sektore eta gizarte-eragile guztiek estrategia hau bultzatzen lagun dezaten sustatzea.

Erronka horiei erantzuteko, HBEEk ekintzarako lau ardatz ditu, 14 jarduera-eremu espezifikotan eragiten dutenak.

  • ardatza: Haurren pobrezia murriztea, diru-sarrerak bermatzeko eta familiei laguntzeko prestazioak indartuz.
  • ardatza: Haurrak artatzeko, gizarteratzeko eta zaintzeko ekosistema komunitarioak garatzea, desabantaila-egoeran dauden haurrei arreta berezia eskainiz.
  • ardatza: Desberdintasunak murriztea eskubide sozialak denek benetan baliatu ahal izateko.
  • ardatza: Partaidetza, sentsibilizazioa, ikerketa, ebaluazioa eta gobernantza.

HBEEren ardatzak eta jardun-eremuak identifikatu ondoren, eta haien misioa eta ikuspegia kontuan hartuta, 12 helburu orokor hautatu dira, kalteberatasun-egoeran dauden haurren bizi-baldintzekin lotuta.

  • Pobrezia-egoeran dauden adingabeek Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sistemaren prestazio eta laguntza ekonomikoak eskura ditzaten sustatzea, haien betekizunen arabera, haur eta nerabeen pobrezia-egoeren prebalentzia eta intentsitatea murrizteko.
  • Seme-alabak dituzten familiek haiek haztearen kostua konpentsatzeko laguntza ekonomikoak eskura ditzaten bultzatzea, zuzeneko laguntzen eta PFEZko zerga-kenkarien bidez.
  • Kalteberatasun-egoeran dauden adingabeei eskolaz kanpoko jardueretarako sarbidea, aisia eta aisia hezitzailea, kultura eta kirola erraztea, eta jarduerak, egiturak eta ekipamenduak haien askotariko beharretara egokitzea.
  • Ingurune komunitarioan babesgabetasun-egoeran edo arriskuan dauden haur eta nerabeentzako laguntzak sustatzea (gizarte- eta hezkuntza-arlokoak, psikosozialak…) eta, hala badagokio, erreferentziazko figurak eta laguntza afektiboa ematea, batez ere ingurune komunitarioan laguntzak jaso ditzaten (desinstituzionalizazioa).
  • Familiei sarbidea erraztea −batez ere kalteberenei− kontziliaziorako laguntzetara eta gurasotasun positiboko programetara.
  • Haurrei eta nerabeei, eta, bereziki, kalteberatasun-egoeran daudenei, beharrezko trebetasunak eta tresnak ematea eten digitala saihesteko eta Interneten, sare sozialen eta harreman-, informazio- eta komunikazio-teknologien (TRIC) erabilera osasungarria errazteko.
  • Haurrek eta nerabeek beren beharretara egokitutako hiri-espazio bat izateko duten eskubidea baliatu dezaten bultzatzea, eta, horretarako, haien lagunkoitasunean oinarritutako proiektuak garatzea, eskuragarri dauden baliabideen erabilera berriak nahiz adingabeen askotariko premiei arreta jartzen dieten hiria berroneratzeko eta berrantolatzeko proiektuak barne hartzen dituztenak.
  • Haur eta nerabeentzako zerbitzuak irisgarriak eta lorgarriak izan daitezen sustatzea, eta arreta goiztiarreko zerbitzurako sarbide unibertsala, doakoa eta arina bermatzea.
  • Ikasle guztiek, euskal hezkuntza-sistemaren esparruan, arreta indibidualizatua eta beharrezko laguntzak jasotzen dituztela bermatzea, hezkuntza-ibilbidea arrakastaz burutzeko eta, hala badagokio, gizarte- eta hezkuntza-arloko kalteberatasun- edo desabantaila-egoerak konpentsatzeko.
  • Adingabeak beren osasun-potentzial osoarekin jaio, hazi eta gara daitezen lortzea. Kalteberatasun-egoeran dauden adingabeek elikadura osasungarria, osasun-arreta eta haien osasuna bermatzeko beharrezkoak diren beste baliabide batzuk eskura ditzaten ziurtatzea −esaterako adingabeei eta haien familiei zuzendutako osasun-hezkuntzako jardueren bitartez− ohitura osasungarrien garapena sustatzeko.
  • Diskriminazio positiboko irizpideak sartzea seme-alabak dituzten familientzako etxebizitza-programetan, kalteberatasun bereziko kasuetan, eta babes publikoko etxebizitzak zuzenean esleitzeko irizpideak berrikusita.
  • Haurren partaidetza sustatzea eragiten dieten politikekin lotutako erabakiak hartzeko prozesuetan, eta partaidetzaren hezkuntza bultzatzea, kalteberatasun-egoeran dauden haurrak eta kalteberatasun-arrisku handiena duten lurralde-eremuak barne hartuta.