Eskualdeek Europaren etorkizunean izango duten zeregin erabakigarria aldarrikatuko du Lehendakariak bisita instituzionalean

0

Maria Ubarretxena bozeramaileak eman du gaurko Gobernu Kontseiluaren eduki eta erabakien berri. Garrantzi handia hartu du Imanol Pradales Lehendakariak azaroaren 19 eta 20an Bruselara eta Luxenburgora egingo dituen bidaiak.

Lehendakariak nazioartera egiten ari den lehen bidaia horren berri eman dio Gobenru taldeari eta honako ideia hauek azpimarratu dituela jakinarazi du Ubarretxenak: Eskualdeen eginkizuna Europan, Makroeskualde atlantikoaren sorrera azkartzeko beharra, Europako industriaren lehiakortasuna sustatzea, eta finantzaketa publiko eta pribatu handiagoa garatzea. Lehendakariak, halaber, Europar Batasuneko erakundeen barruan euskararen erabilera eta ofizialtasuna ere defendatuko dituela jakinarazi du bozeramaileak.

Besteak beste, Europako Parlamentuko lehendakariarekin eta lehendakariordearekin bilduko da Imanol Pradales. Eta Europako Inbertsio Bankuko lehendakariarekin ere bai, Luxenburgon duen egoitzan. Luxenburgon, «inbertsio publikoak bultzatzeko beharra defendatuko du. Eta Euskadin trantsizio ekologikoak, digitalak eta sozialak errazteko beharrezkoa den finantzaketa pribatua desblokeatzea. Lehendakariak enpresa txiki eta ertainen finantzaketa errazteko behar diren neurriak hartzea proposatuko du», azaldu du Ubarretxenak.

Horretaz gainera, Bruselan, Europako 70 eskualde baino gehiago biltzen dituen foro batean parte hartzeko asmoa ere baduela erantsi du. Foro hori Bavariako «länder»-ak edo estatu federatuak eta «Austria Beherea» eskualdeak antolatu dute. Gainera, Lehendakariak lan-bilera bat izango du prospektiba estrategikoan espezializatuta dagoen «European Policiy Centre» Think Tank europarrarekin.

Valentziarako laguntza

Maria Ubarretxenak Euskaditik Valentziara bidalitako laguntzaren inguruko xehetasunak eman ditu. Txanda ezberdinetan 450 pertsona zenbatu dira Valentzian joan direnak edo laguntzen ari direnak. “Bihar 115 pertsona inguru izango dira han, suhiltzaileak, ertzainak, larrialdiak, DYA, Gurutze Gorria. Zerbitzu horiek guztiak euskal erakundeek koordinatuta”.

Baliabide materialei dagokienez, Ubarretxenak jakinarazi duenez, “lur orotako 10 ibilgailu bidali dira kaltetutako herrietatik ibilgailuak eta tamaina handiko objektuak kentzen laguntzeko (gaur egun ibilgailu horiek agente berriak prestatzeko erabiltzen dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian), 51.500 FFP2 maskara eta 2.065 gomazko bota pare.

Gainera, Eusko Jaurlaritza, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak eta EUDEL elkarlanean arituko dira Euskadiko Elikagai Bankuekin, udaletan edo beste erakunde edo entitate sozialetan dagoeneko entregatuta dauden produktuak Valentziara bidaltzeko prozesua koordinatzeko. “Helburua da laguntza ahalik eta modu antolatu eta eraginkorrenean bideratzea”, adierazi du bozeramaileak.

Euskarazko ikusentzunezkoen sustapena

Halaber, gaurko Gobernu Kontseiluak onespena eman dio Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Kultura eta Kirol Ministerioaren Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuarekin (ICAA), euskarazko zinema- eta ikus-entzunezko industriaren ekoizpena, banaketa eta hedapena sustatzeko sinatutako hitzarmenari. Horrela, ICAA-k 1.087.252,99 euro transferituko dizkio Eusko Jaurlaritzari, 2023ean euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena, banaketa, erakusketa eta hedapena sustatzeko Euskadin egin zen inbertsioari dagozkionak.

Gobernu Kontseiluak “Bitartez” izeneko deialdia onartu du gaur. Ikerkuntza, berrikuntza eta kultura-arloko adierazpen garaikideekin konprometituak diren eta bitartekaritza horretarako tresnatzat duten kultura eta gizarte arloko berrikuntza-proiektuei laguntzea du xede onartutako deialdiak. Guztira 200.000 euroko diru partida bideratuko da deialdi honetara.

Konputazio kuantikoa bultzatzeko programa

Horretaz gain, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak proposatuta, Ikerbasque Fundazioarentzako laguntzak ere onartu ditu gaur Gobernu Kontseiluak, konputazio kuantikoaren arloan ikertzaileak kontratatzeko, 4 milioi euro 2024tik 2028ra bitartean.

Jaurlaritzaren bozeramaileak adierazi duenez, «Euskadi nazioarteko bikaintasun-nodo bihurtzea da helburua, ikerketara, prestakuntzara eta garapen teknologiko eta industrialera aplikatutako konputazio kuantikoan. Inbertsio horri esker, konputazio kuantikoari lotutako bi ikerketa lerro berri irekiko dira. Alde batetik, Biomedikuntza, Zientzia Biologikoak eta Biomaterialak; eta, bestetik, Energia altuen Fisika, Astrofisika eta Partikulen Fisika». Ubarretxenak gogorarazi duenez, ordenagailu kuantiko bat eraikitzen ari dira Donostian, eta, horri esker, Euskadi «teknologia hori eduki ahal izango duen munduko herrialde bakanetako bat izango da. Aurreikuspenen arabera, datorren urtearen amaierarako erabat eraikita egongo da ordenagailu hori».

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 394.000 euroko laguntza berriak onartu ditu, euskal ganberek enplegu-arloko jarduketak gara ditzaten. Zehazki, bi programa finantzatuko dira: 45+ Programa eta Ekintzailetza programa.

Bestalde, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 343.442 euro gehiago izango ditu landa-ingurunean banku-zerbitzuak ezartzeko.

2030era begirako Haur Bermeraren estrategia ere onartuta

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosak plazaratu ditu berak gidatzen duen Sailak abiarazi duen Haur Bermearen Euskal Estrategia 2030 (HBEE 2030) estrategiaren nondik norakoak.  «Estrategia horrek azpimarratzen du haurrak eta nerabeak eskubideen titularrak direla, beren orainaren protagonistak direla eta beren etorkizuna eta euskal gizartearena eraikitzen ari direla. Beraz, Europako Haur Bermearekin lerrokatutako estrategia bat da, begirada haur zaurgarrietan zentratzen duena, baina ikuspegi unibertsal eta integral batekin, haur eta nerabe guztien eskubide guztiak barneratzen dituena, inor atzean utzi gabe, eta ingurua lagunkoiago eginez».

Prentsa dosierra

Gai-zerrenda