Kulturarteko Espainiako Hirien Sarearen XXV. topaketa izan da Donostian

0

Azaroaren 6an eta 7an, kulturartekotasunean oinarritutako kultura-aniztasunaren kudeaketarekin konprometitutako 15 hiri baino gehiagotako ordezkarien egoitza izan da Aieteko Jauregia.

RECI ( Red Española de Ciudades Interculturales) estatuko sare bat da, Europako Kontseiluaren Intercultural Cities programaren ekimenez sortua. Gaur egun, kulturarteko programak eta ekimenak dituzten 22 hirik osatzen dute; haien ustez, kultura- eta jatorri-aniztasuna elementu positiboak dira hiriaren garapenerako eta kohesiorako. Donostia RECIko kidea da 2011tik.

2024ko RECIren bigarren topaketa eta aurrez aurreko guztien 25.a izan den honi hasiera emateko, Eneko Goia alkateak, ongietorria eman zien bertan bildu ziren 35 parte-hartzaileei, Barakaldo, Bartzelona, Bilbo, Cartagena, Castelló de la Plana, Fuenlabrada, Getafe, Getxo, Logroño, Manlleu, Iruñea, Salt, Santa Coloma de Gramenet, Santander, Zaragoza eta Tenerifeko Cabildo hirien ordezkari gisa etorri zirenak.

Bertaratutakoek hainbat gai landu zituzten, hala nola kultura-aniztasunari buruzko narratiben eraikuntza, gauzatutako ekintzen eragina neurtzeko indizeak eta kulturen arteko markoak, planak edo estrategiak diseinatzeko gakoak.

Era berean, topaketan esperientziak eta jardunbide egokiak partekatu ziren, aniztasunak bizikidetza indartzeko duen ahalmena aztertzeko.

Hainbat hitzaldi egin ziren Atzerritartasun Erregelamenduaren Erreformaz eta Gizarteratze Ministerioaren Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Herritartasunari eta Inklusioari buruzko Esparru Estrategikoaz eztabaidatzeko.

RECI hirietako ordezkariek bertatik bertara ezagutu ahal izan zituzten Amara Berri ikastetxea eta haren metodologiak, bai eta Donostiako Udalak kultur aniztasunaren arloan babesten dituen programak ere, hala nola: Ongi Etorri Eskolara, Sos Arrazakeriako Urretxindorra eta Amak Arrazakeriaren aurka.

Amaitzeko, Tabakalerak Zurrumurruen Aurkako VIII. Topaketa hartu zuen. Bertan, estatu mailako Zurrumurruen Aurkako Estrategien egoeraz eta hainbat udalerritatik egiten ari diren tokiko esperientzia ugariez hitz egin zen.

RECIren hurrengo topaketa 2025eko apirilean izango da, Bartzelonan.