Maria Ubarretxena sailburua eta Esther Apraiz EUDELeko elkarteburua “Tokiko Gobernantzako jardunbide aurreratuak” jardunaldian izan dira, ELoGE Europako Bikaintasunaren Zigiluaren barruan kokatuta
Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak, Esther Apraiz EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkateak eta Conrad Zellmann Europako Kontseiluko ordezkariak, euskal udaletako hautetsiei eta teknikariei zuzendutako “Tokiko Gobernantzako esperientzia eta jardunbide aurreratuak” jardunaldia aurkeztu dute gaur goizean. Topaketan izan da, baita ere, Erakunde Harremanetarako sailburuorde Xabier Ochandiano.
EUDELek eta Sailak lankidetza egonkorrarekin jarraitzen dute, tokiko erakundeen etengabeko hobekuntzan eta kudeaketa publiko aurreratuan gobernu onaren esparruak (etika, gardentasuna, parte-hartzea, kontuak ematea…) aplikatzea sustatzeko. Hori egiten ari dira dagoeneko jardunaldian beren esperientzia aitzindariak aurkeztu dituzten zazpi udalak.
Zentzu horretan, Maria Ubarretxena sailburuak nabarmendu du beharrezkoa dela erakundeen arteko lankidetzan sakontzea, euskal administrazioak Euskadiren behar eta erronka berrietara egokitzeko. “Pertsonen egunerokoa erraztu nahi dugu, eta, horretarako, urratsak egin behar ditugu administrazioen arteko elkarreragingarritasunerantz, leihatila bakarreko ereduak bultzatuz eta desburokratizazioa eta sinplifikazio administratiboa sustatuz; administrazio gardenago, eraginkor eta efizienteago, hurbilago, moderno eta digitalago baten alde, bikaintasunezko zerbitzu publikoak eskaintzeko”.
Ubarretxena sailburuak, halaber, gaur bertan Lehendakariaren, hiru foru-aldundien eta Eudelen artean Gasteizen egingo den bilera aipatu du. Bilera horren helburua da indarrak batuta, burokrazia gutxitu eta administrazioa arintzeko ibilbide orria zehaztea.