Mundu globalizatuan gure hizkuntza eta baloreen transmisioan herri estrategia egokiak elkarlanean aktibatzeko beharraz ohartarazi du Lehendakariak

0

Imanol Pradales Lehendakariak Elkar Taldeak Adunan duen egoitza bisitatu du gaur. Harekin batera, Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politika ere izan da instalazioak ikusten. Horren ostean, Euskalgintzaren Kontseiluko ordezkariekin bilera egin dute Pradalesek eta Bengoetxeak

Imanol Pradales Lehendakariak Elkar Taldeak mende erdi luze honetan urratu duen bide emankorra goraipatu du gaur Elkarrek Adunan duen egoitzarako bisitan. “Euskadin, euskal sorkuntza eta kultura industrien arloan enpresa erreferentea zarete. Merezimendu osoz lortu duzue hori. Urteetako euskal kulturaren aldeko konpromisoaren eta elkarlanaren emaitza da gaur egun Elkar fundazioa”, esan du Lehendakariak.

Pradalesek azpimarratu dut Elkarren ibilbidean beti egon dela erakunde publiko eta enpresa pribatuen arteko elkarlana. “Aliantzak sortu dituzue sektoreko euskal eragile eta enpresekin. Eta, horiei esker, kultur industrien egituraketa sendo bat eraiki duzue. Hala nola, argitaletxeak, banaketa zerbitzua, liburudendak edo musika estudioa”, adierazi du. Horretaz gain, erakunde publikoek, oro har, eta Jaurlaritzak, zehazki, urte hauetan guztietan bidelagun izan dutela ere nabarmendu du. “Zuen helburuak eta gureak guztiz lerrokatuta daude”.

Lehendakariak oharatazi duenez, “komunikazio ohiturak goitik behera aldatu zaizkigu. Horren ondorioz, gure marko kultural eta komunikatiboak eraikitzeko tresna eta baldintzak zalantzan ditugu gaur”. Baina oztopoak oztopo, Elkar bezalako proiektuak duela 50 urte asmatu zuen bezala, orain ere gauza bera egitea dagokigu: momentua ondo ulertu eta herri estrategia egokiak aktibatu behar ditugu, elkarlanean”.