Elkarguneak eta bakea bultzatzen dituen eskultura handi baten bidez terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktima guztiak omendu ditu Bilbok

0

Gaurtik aurrera, Bilbok, hirian bertan, bere gunea dauka, terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktima guztiak gogorarazi eta omentzeko. Eskultura multzo ikusgarria da, Guggenheim Museoaren eta Euskadi plazaren artean kokatutakoa (Mazarredo zumardia, 69), lorategi gune batean, hirigunetik oso gertu, eta bakea eta gogoeta eragitea ditu jomuga. Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topaguneak aspaldi desiratutako eta helarazitako eskaera bat da. Bilboko Udala topagunerako eta elkarrizketarako espazio horren parte da; eskakizuna jaso eta egia bihurtu du.

Gaur eguerdian, Imanol Pradales Lehendakariak, Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak eta biktimen bi ordezkarik artelana inauguratu dute, zehazki, Dori Monasteriok, 1969ko apirilaren 9an ETAko kide batek erail zuen Fermín Monasterio taxilariaren −talde terroristaren lehenengo biktima zibila− alabetako batek eta Inés Núnez de la Partek, 1977ko maiatzaren 30ean poliziaren abusu eta tratu txarren ondorioz hil zen Francisco Javier Núñez matematika irakaslearen alabak, terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimak ordezkatu dituzte.

Ekitaldi honetara José Ramón Anda eskulturaren egilea, hainbat erakundetako, kulturako, udal korporazioko, Memoriaren defentsako zenbait entitatetako… ordezkari ugari bertaratu dira, bai eta indarkeria politikoaren zentzugabekeriak hildako hainbat pertsonaren familietako kideak eta lagunak ere.

Horien guztien aurrean, Lehendakariak bere mintzaldian lan hau “memoria kritikoaren” isla dela, “ispiluaren aurrean jartzen gaituela”, eta gogoeta egitera eta “itzulinguruka ibili gabe, gure seme-alabei eta bilobei bizi izan genuena konplexurik gabe, diskrimizaziorik gabe eta ahanzturarik gabe kontatzera” gonbidatu du euskal gizartea.

“Bizi izan genuena transmititzea gure erantzukizuna da, datozen belaunaldien geroa dugu jokoan, izan ere, bere historia ezagutzen ez duen gizartea iraganeko akats berak errepikatzera kondenatuta egon daiteke”− bukatu du.

Atalase zenaren altzoan, Memoriari, Aitortzari, Hausnarketari eta Elkarguneei eskainitako Euskadiko lehen gunea da, eta, hemendik aurrera, Bilbon, azaroaren 10ean, urtero-urtero, espazio honetan, Memoriaren Eguna omenduko da. 22 tonako obra hau korten altzairuzko egitura nagusi handi batek eta marmolezko bost bankuk osatzen dute, eta hausnarketa, topaguneak eta  bakea eragitea du xede.