Hezkuntzak programazio didaktiko bat prestatu du ijito herria ikusarazteko eta berdintasunean eragiteko

0

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, UPV/EHUrekin eta «Amuge» Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartearekin lankidetzan, ijito-herriaren historia eta kultura Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan txertatzeko programazio didaktikoa prestatu du. Materiala arrazakeriaren aurkako eta ijito feministen ikuspegitik egin dute.

Euskadiko Ijito Herriaren egunaren bezperan, Hezkuntza Sailak, UPV/EHUk eta «Amuge» Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteak «Te Siklârel Romanipen» programazio didaktikoa aurkeztu dute. Ijito-herriaren historia eta kultura DBHko 1. eta 2. mailan txertatzeko. Zortzi ikaskuntza-egoera dira, arrazakeriaren aurkako eta ijito feministen ikuspegitik eginak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak finantzatuak.

Hezkuntza Sailak helaraziko die materiala bigarren hezkuntzako ikastetxe guztiei, eta, gainera, Curriculumgunea gune digitalean txertatuko da, hezkuntza-etapa desberdinetako curriculumei egokitutako baliabide didaktikoak biltzen dituen web orrian.

Jardunaldian Lucia Torrealday Hezkuntza sailburuordeak eta Mikel Juaristi Hezkuntza Aniztasun eta Inklusiorako zuzendariak hartu dute parte. Araceli Cañadas Ortega filologo eta unibertsitateko irakasleak hitzaldi bat eskaini du ijito-herriaren historia eta kultura hezkuntza-sistema osoko ikasleen prestakuntzan sartzearen garrantziari buruz. Bi esperientzia-maha ere izan dira, ikaskuntza-egoerak lantzeari buruz eta horiek abian jartzearen ebaluazioari buruz, ikastetxe desberdinen eskutik.

Berdintasuna, kohesioa eta ongizatea bermatzea

Gaur aurkeztutako material didaktikoa ijito-herriaren ezagutzaren bidez bizikidetza hobetzeko beste urrats bat da. Horrela, gizarte-kohesioa eta desberdintasunen aurkako borroka azpimarratuko dira ikasgeletan. Azken batean, Euskadiren aniztasuna eta kulturartekotasuna ikusarazi nahi da.

Ijito Herriaren Eguna

Ijito Herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako Kontseilua osatzen duten ijito-elkarteek azaroaren 16a aldarrikatzen dute Euskadiko Ijito Herriaren egun gisa. Kultura hori euskal gizartearen errealitatearen aniztasunaren zatia da. Ijito-herria duela ia 600 urte iritsi zen Euskadira berezko hizkuntza eta nortasunarekin.