Euskadi Lagunkoia Sareak bakardadea aztertuko du adituekin, lagunkoitasunari buruzko jardunbide egokien jardunaldiaren edizio berri batean

0
  • Jardunbide egokien jardunaldiaren zortzigarren edizioa Donostian egingo da
  • 84 dira dagoeneko sareari atxikita dauden euskal udalerriak: 36 Bizkaikoak, 26 Gipuzkoakoak eta 22 Arabakoak
  • Ekitaldian 2024ko Euskadi Lagunkoia Saria emango da

Euskadi Lagunkoia sareak lagunkoitasunari buruzko jardunbide egokien zortzigarren jardunaldia egingo du bihar, eta bakardadea, bereziki, nahi ez den bakardadea, izango du aztergai. Horretarako, gai horretako adituak izango dira eta tailerrak egingo dituzte parte-hartzaileekin.

Jardunaldiari hasiera emateko, Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak eta Eneko Goia Donostiako alkateak hitz egingo dute. Berez, Gipuzkoako hiriburua da gaur egun Euskadi Lagunkoia sarea osatzen duten EAEko 84 udalerrietako bat. Horietako 36 Bizkaikoak dira, 26 Gipuzkoakoak eta 22 Arabakoak. Sarearen helburu nagusia da adinekoen eta, oro har, herritarren parte-hartzea sustatzea Euskadiko udalerrietako auzoak eta inguruneak hobetzeko bidean.

Hasiera instituzional horren ondoren, gaian adituak diren hiru ikertzaileren arteko elkarrizketa izango da, eta bakardadeak nola definitzen dituzten eta komunitatetik nola erantzuten zaien azalduko dute. Hauek dira adituak:

  • Elisa Sala Mozos. Gizarte Ekintza, tokiko eta komunitateko politika publikoak, ikertzailea.
  • Sara Marsillas. Matia Institutua, ikertzailea.
  • Daniel Prieto. Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea, ikertzailea.

Ondoren, hainbat tailerretan lan egingo da, eta bertaratuek gaiari modu praktikoan heltzeko aukerei buruzko hausnarketan eta analisian parte hartuko dute, jakintza hori gero euren udalerrietara edo erakundeetara eraman ahal izateko eta programak abian jartzea errazteko. Gainera, Euskadi Lagunkoiak diseinatutako tresnak aurkeztuko dira, sareari atxikitako udalerriek baliabide praktiko gehiago izan ditzaten, ekimenak eta programak aurrera eramaten laguntzeko.

Alde batetik, ‘Bakardadeari aurre egiteko ekintzak abian jartzeko gakoak eta tresnak’ izeneko ikastaroa diseinatu da, eta, bestetik ‘Bakardadeak: erreminta kit bat’ izeneko kit batean jasotako hainbat ekintza-proposamen.

Ikastaroak adineko pertsonen bakardadearen errealitatera hurbiltzeko aukera eta bakardadeari etapa guztietan (sentsibilizazioa, identifikazioa, prebentzioa eta esku-hartzea) heltzeko gakoak eta gomendioak jasotzen ditu. Gainera, edukia adibide praktikoekin aberasteko asmoz, bakardadeari heltzen dioten 59 ekintza biltzen dira, bai eta funtsezko eragile eta erakunde batzuk ere.

Bestalde, erreminta-kitaren helburua da bakardadearen inguruko ekintzak abian jartzeko ideiak eta baliabide praktikoak aurkeztea eta proposatzea, lehen aipatutako etapa horietan. Hainbat ekintza-proposamen jasotzen dira, udalerri, testuinguru, behar edo interes bakoitzaren arabera egokitu daitezkeenak, horiek praktikan jar ditzaketen udalerrietan bakardadeen ezagutza eta sozializazioa bultzatzeko.

24ko Lagunkoia saria

Jardunaldiari amaiera emateko, 2024ko Lagunkoia Saria emango da. Sari horren helburua da Euskadiko erakundeek garatutako jardunbideak, zahartzen ari diren pertsonentzat bizitzeko ingurune errazak sortzea xede duten jardunbide berritzaile eta eraginkorrak gauzatzeagatik nabarmentzen direnak, balioestea, eta aurten erronkari erantzuna emango dioten ekimenetan jarriko da arreta.