Hurtado sailburua: “Gure tokiko merkataritzari erakunde publiko baten bidez lagundu behar diogu”

0

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak 2024ko Aenkomer Sariakbanatzeko galan parte hartu du. Ekitaldiak Arabako dendariek egiten duten lana eta herritarrei egiten dieten oinarrizko ekarpena ospatzen du.

Sari horiek tokiko merkataritzaren funtsezko balioak nabarmentzen dituzte, besteak beste, tradizioa eta errotzea, berrikuntza sustatzea eraldaketa digitalaren garaietan, enpresen erreleboa eta euskararen sustapena, bai eta turismoarekuin eta hiri-dinamizazioarekin duen harreman estua ere.  

“Gaur ospakizun-eguna da tokiko merkataritzarentzat. Zorionak sarituoi, egindako lan bikainarengatik, eta eskerrik asko egunero gure komunitateei eskaintzen diezuen ezinbesteko zerbitzuagatik”, esanez ekin dio sailburuak bere hitzaldiari. Jarraian azpimarratu du tokiko merkataritza funtsezko eragilea dela gizarte-kohesiorako eta hiri-jasangarritasunerako.

Gainera, administrazioen, elkarteen eta merkatarien arteko elkarlanerako deia egin du sektorearen erronkei aurre egiteko. “Gertuko merkataritza sustatzea zeregin partekatua da. Udaletatik, aldundietatik, Eusko Jaurlaritzatik eta elkarteetatik elkarrekin lan egin behar dugu gure koordinazioa indartzeko eta sektorearen eskakizun berriei erantzuteko”.

Sailaren proposamenen artean, sailburuak nabarmendu du beharrezkoa dela merkataritzari laguntzeko tresnak eta politikak modernizatzea. “Ezin dugu jarraitu galdera berriei betiko erantzunak ematen. Horregatik, tokiko merkataritzaren eraldaketa sustatzeko eta gidatzeko ardatz nagusi gisa jardungo duen erakunde publiko bat sortzeko lanean ari gara, industriarekin SPRIren bidez egiten dugun bezala, edo turismoaren sektorearekin Basquetourren bidez egiten dugun bezala”, adierazi du.

Era berean, sailburuak herritarrei eskatu die euren kontsumo-aukerek duten eraginari buruz gogoeta egin dezatela. “Tokiko saltokietan erostea ekintza ekonomikoa izateaz gainera, gure kaleen ongizatean, gure hirien segurtasunean eta gure ingurunearen jasangarritasunean zuzenean laguntzen duen aukera ere bada. Gaur, inoiz baino gehiago, gertuko merkataritzaren funtsezko rol soziala baloratu behar dugu”, azpimarratu du.

Azkenik, sektorearekin eta tokiko merkataritzak eragile ekonomiko eta sozial gisa duen garrantziari eusten lagunduko duen etorkizuna eraikitzearekin duen konpromisoa berretsi du. “Zorionak sarituoi eta, egunez egun, zuen ahalegina eta dedikazioa tokiko merkataritzari eskaintzen diozuenoi. Eraldaketa posible dela eta denok elkarrekin denontzat etorkizun hobea eraiki dezakegula erakusten duen adibidea zarete”.