Shanghaiko espezialitateen araberako sailkapenean, UPV/EHU munduko 500 unibertsitate onenen artean dago 19 diziplinatan

0
Leioa. Julio 2023. Fotos Campus de Leioa. Foto: Nuria González

Jiao Tong Unibertsitateak (Shanghai, Txina) bere urteko txostenaren azken edizioaren berri eman du. Txosten horretan, munduko 500 unibertsitate onenak zerrendatzen ditu espezialitate akademikoen arabera. Oraingoan, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) 200 onenen artean kokatu da bi diziplinatan: Kimika eta Nanozientzia eta Nanoteknologia; eta 300 onenen artean 10 diziplinatan: Matematika, Fisika, Ingeniaritza Zibila, Ingeniaritza Kimikoa, Elikagaien Teknologia eta Zientzia, Materialen Zientzia eta Ingeniaritza, Energiaren Zientzia eta Ingeniaritza, Farmazia, Politika Zientziak eta Hezkuntza.

Shanghaiko rankinga izenez ezagutzen den sailkapena unibertsitate munduan gehien baloratzen den ebaluazio irizpideetako bat da, eta eragin handiena duen rankingetako bat da unibertsitateen nazioarteko proiekzioa ebaluatzeko orduan. Sailkapenak munduko 500 unibertsitate onenak biltzen ditu, goi hezkuntzako 1.500 erakunde nagusiak aztertu ondoren, mundu osoko 20.000 unibertsitatek baino gehiagok osatutako multzo batetik abiatuta. Sailkapena abuztuaren erdi aldera argitaratzen da, eta Euskal Herriko Unibertsitateak tarte bat gora egin du: munduko 500 unibertsitate onenen tartetik 400 onenen tartera pasatu da.

Espezialitate aipagarri horiez gainera, UPV/EHUk postu oso garrantzitsuak lortzen ditu ere beste diziplina batzuetan. Esaterako, munduko 400 unibertsitate onenen artean dago Ekologia eta Ingeniaritza Elektronikoa diziplinetan. Beste 5 diziplinatan munduko 500 onenen artean dago: Lurraren Zientziak, Informatika Zientziak eta Ingeniaritza, Biologia Zientziak, Nekazaritza Zientziak eta Ekonomia.

Eva Ferreira UPV/EHUko errektorearen iritziz, argitaratu diren datuak oso esanguratsuak dira: ”Shanghaiko rankinga zorrotza da, mundu osoko unibertsitateek hartzen dute parte, eta gure unibertsitateak sendo jarraitzen du rankingean. Gure unibertsitatea maila horretan egotea pozik egoteko moduko berria da, batez ere oraingoan, Txinako eta Asiako herrialdeetako unibertsitateak gero eta indartsuago dauden honetan. Kontuan hartu behar da, halaber, jakintza arlo desberdinak daudela ordezkatuta gai espektro zabal horretan, eta horrek, gure unibertsitatearen izaera jeneralista ez ezik, arlo guztietan ezartzen den autoexijentzia maila ere adierazten du. Denbora laburrean munduko 500 unibertsitate onenen artetik 400 onenen artera igarotzea aurrerapauso handia izan da. Beraz, gure maila sendotu egin da espezialitateka egindako sailkapen horretan. Uste dut arrazoi ona dela gure unibertsitate osoa zoriontzeko eta euskal gizartea ere zoriontzeko, hari zor baitiogu geure zerbitzua.

Txinako unibertsitateak egiten duen unibertsitateen ex aequo sailkapena, multzoka, honela azaltzen da: lehenengo ehun unibertsitateak izendatzen ditu, ordena zorrotzean; ondoren, 50 unibertsitateko bloke bat ezartzen du; gero, beste bloke bat, 50 unibertsitatekoa; eta hortik aurrera, 500era arte, hiru bloke, bakoitza 100 unibertsitatekoa.