Energia Klusterrak aurreikusten du Euskadin 6.000 enplegu baino gehiago sortuko direla 2040an sektore eoliko flotatzailean

0

Joan den azaroaren 8an, Euskal Autonomia Erkidegoko Energia Klusterrak egin duen azterlana aurkezteko aukera izan zuen. Sektore eolikoko 18 euskal erakunderekin lankidetzan eta Bmasi aholkularitza-enpresaren laguntzarekin egin du azterlana, eta, bertan, 2040an euskal ekonomiarentzat maila globalean energia eoliko flotatzailearen garapenak izango duen eragina aztertzen da.

Energia eoliko flotatzailearen segmentua oraindik fase prekomertzialean dago, baina datozen urteetan hazteko itxaropen handiak ditu, 2040an 8,1 GW instalatzeko aurreikuspenarekin (2024an 250 MW bakarrik daude instalatuta).

Bestalde, teknologia horren kostuak handiak dira itsas hondoan finkatutako offshore energia eolikoarekin alderatuta. Kostu horiek eskala handiko parke komertzialak instalatzen hasten direnean murriztea espero da, 2030etik aurrera.

Euskadik 30 urte baino gehiago daramatza sektore eolikoa garatzen, eta horrek sektore horrentzat lan egiten duten 150 enpresako ekosistema industrial bat sortu du. Beren gaitasun teknologikoek eta balio erantsi handiagoko segmentu batean kokatzeko duten interesak eraman dituzte enpresa horietako asko energia eoliko flotatzailearen garapenak planteatzen dituen erronka zorrotzei heltzera. Gaur egun, 50 euskal enpresak baino gehiagok osatzen dute Energia Klusterrak koordinatutako Energia Eoliko Flotatzailearen Lantaldea.

Horregatik, Energia Klusterrak eta enpresek azterlan bat egitea erabaki zuten, sektore horren garapenak Euskadiko enpresetan eta ekonomian izango duen eragina neurtzeko. Emaitzen arabera, 2040. urtean, sektoreak 6.783 enplegu zuzen eta 1.424 milioi euro sor ditzake.

Azterlanaren arabera, hazkunde nagusia, bai enpleguari dagokionez, bai fakturazioari dagokionez, ingeniaritza-enpresen segmentuetan, aerosorgailuaren osagaien fabrikatzaileetan, egitura flotatzaileetan, ainguratze-sistemetan eta instalazio-, eragiketa- eta mantentze-zerbitzuen enpresa hornitzaileetan gertatuko da.

Azterlan horren emaitzak hirugarren Itsas Energia Eolikoaren Kongresuan aurkeztu ziren lehen aldiz. Espainiako Enpresa Eolikoen Elkarteak antolatu zuen Kongresua, Cadizen, eta sektore eoliko flotatzaileko 400 aditu baino gehiago izan ziren bertan.

Dokumentu osoa laster argitaratuko da Energia Klusterraren webgunean.