Familiei eta Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko Erakunde Arteko V. Plana 2025eko bigarren hiruhilekoan egongo da prest

0
  • Planaren azken ebaluazioak betetze-maila handia erakusten du, 18 helburu estrategikoak amaituta edo bideratuta
  • Proiektu berria adingabeek protagonista gisa duten autonomia sustatzen duen Haurren eta Nerabeen Legearen ikuspegia du abiapuntu
  • Gaur, azaroak 20, gobernuak bat egin du Haurren Munduko Egunarekin

Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila Familiei eta haurrei eta nerabeei laguntzeko erakunde arteko V. plana prestatzen ari da dagoeneko, eta, aurreikuspenen arabera, datorren urteko bigarren hiruhilekoan aurkeztuko da. Administrazioaren plangintza-tresna bat da, Haurren eta Nerabeen Legea hedatzeko eta gauzatzeko.

Gorka Oraák, Eusko Jaurlaritzako Haur, Nerabe eta Familia zuzendari izendatu berri denak, adierazi duenez, plan berriaren asmoa da “planaren zeharkako izaera indartzea, haurren eta familien arazoari eta erronkei ikuspegi global batetik helduko zaiela bermatzeko”.

Otsailean onartutako Legeak sustatzen duen paradigma berria ere kontuan hartuko da V. Planean. Ikuspegi horrek nabarmentzen du haurrak eta nerabeak sozialki eta juridikoki babestea bermatzeko modurik onena dela haiek protagonista gisa duten autonomia sustatzea bizitzako lehenengo etapetatik hasita, haien eskubideak eraginkortasunez egikaritzeko eta baliatzeko beharrezkoak diren baldintzak ezartzea bultzatuz eta sustatuz; eta, modu berean, erabat eta harmonikoki ziurtatzea haien garapen fisikoa eta psikologikoa, barne harturik arlo emozional, kognitibo, sozial eta afektibo-sexuala.

Hain zuzen ere, plan berria egiteko, hasierako ekarpenak egiteko parte-hartze prozesu bat egiten ari dira une hauetan, eta prozesu horretan adingabeek ere parte hartuko dute modu koherentean. Protagonista gisa duten autonomia sustatzeak haurren eta nerabeen arloko ekintza guztiak ukituko ditu. Gainera, V. plan hau prozesu osoan parte hartuko duten hirugarren sektore sozialeko elkarteekin eta gainerako erakundeekin adostuko da.

Laugarren planari dagokionez, azken helburuak adierazten du betetze-maila handia izan dela. Zehazki, 18 helburu estrategikoei dagokienez, planeko helburuen % 72,2 –18tik 13– amaitutzat jo dira edo egikaritze-maila handia izan dute (% 70etik gorakoa).  % 27,8 –5 helburu– garapen-maila ertainera iritsi dira.  Eta helburu bakar batek ere ez du garapen-maila baxua edo informaziorik gabea.

EAEko Familiei laguntzeko erakunde arteko IV. plana bost ardatz nagusitan banatzen da, eta orokorrean, bat datoz bost ekintza-esparru handiekin: gazteen emantzipazioa eta familia berriak; familiaren eta lanaren kontziliazioa; familiei laguntzea; haurren ongizatea; eta lidergoa eta gobernantza. Kontziliazioaren ardatzean eta familiei laguntzekoan jarduketen % 89,5 eta % 83,3 gauzatu dira, hurrenez hurren, eta egikaritze-maila ertaina eta altua dute, beraz. Haurren ongizatearen ardatzean jarduketen % 78,6 amaitu dira, eta egikaritze-maila ertaina-altua du, lidergoaren eta emantzipazioaren ardatzek bezala, amaitutako jarduketak % 73,3 eta % 71,5 baitira, hurrenez hurren.

Haurren Egunaren ospakizuna Lege berriarekin

Azaroaren 20an, Eusko Jaurlaritzak ere bat egingo du Nazio Batuen Erakundearen Haurren Munduko Egunaren ospakizunarekin. Lehenengo aldiz egingo du otsailean onartutako Haurren eta Nerabeen Legea izanda eta lege hori garatzeko konpromisoarekin.

Haurren Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren (1959) eta Haurren Eskubideen Konbentzioaren (1989) onarpenaren urteurrenak ospatzen diren eguna da.

Gogoratu behar da Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Haur Bermearen 2030erako Estrategia (EGIE 2030) abian jarri berri duela. Estrategia horren bidez, haurrek eta nerabeek beren bizi-proiektuak sustatzeko eskubideak eta aukerak eskuratzeko aukera jorratzen da.

Estrategia berri hori 10 erronka eta izaera estrategikoko 12 helburu orokor ezartzen dituen oinarri-dokumentua da, haur-bermearen berezko 4 ardatz eta 14 jarduera-eremurekin lotuta. Hain zuzen ere, Familiei eta haurrei eta nerabeei laguntzeko erakunde arteko V. plana EGIE 2030 horrekin lotuko da eta orientabide horiek kontuan hartuko ditu.