‘Hizkuntzen irabazia’ kongresuak hizkuntza gutxituek ekonomiari egiten dioten ekarpenari buruz hitz egingo du

0

Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua LANGUNEk, Euskal Herriko hizkuntza industrien elkarteak, Union of European Nationalities (FUEN) erakundearekin batera antolatu du. Bertan bilduko dira Europa osoko 30 hizlaritik gora, tartean Euskal Herrikoak; eta besteak beste, 15 hizkuntza gutxituren egoera eta errealitatea ezagutzeko aukera egongo da.

Kongresuak euskara bezalako hizkuntza gutxituek tokiko ekonomiari egiten dioten ekarpena agerian utzi nahi du. Era berean, hizkuntza gutxituentzat teknologia berrietan eta ingurune digitalean presentzia izateak duen garrantzia azpimarratu nahi du, arreta jarriz ahalegin horrek era berean, suposatzen duen erronkan eta aukeran.

Izan ere, azken urteetako adimen artifizialaren eztandak, ingelesaren hegemonia areagotu du arlo digitalean eta beste hizkuntza batzuk, bereziki gutxituek ahalegin bikoitza egin behar dute  eremu horretan euren presentzia bermatzeko. Beraz, garrantzitsua da hizkuntza-aniztasuna ingurune digitalean eta teknologikoan ere kudeatzea.

Euskal Herrian, eleaniztasuna kudeatu beharraren eraginez, hizkuntzen industria indartu dugu, agerian utziz eleaniztasun horrek lurraldeko ekonomiari egiten dion ekarpena.

‘Hizkuntzen irabazia’ kongresuak euskara teknologia berrietan atzean gera ez dadin, egiten ari garen ahalegina erakutsiko du eta Europako beste hizkuntza gutxituek, zer eta nola egiten duten ezagutzeko aukera egongo da. Era berean, hizkuntza desberdinek euren herrialdeetako ekonomiei zer nolako ekarpena egiten dieten ezagutu ahalko da, baita Europar Batasunak hizkuntzen garapenari buruz duen iritzia ezagutzeko ere.

Kongresua doakoa da, baina bertaratzeko beharrezkoa da izena ematea webgunearen bidez: https://hizkuntzenirabazia.eus