Lehendakaria European Policy Centre-ko arduradunekin batzartu da

0

Lehendakariak Europako erakundeetara egin duen bidaia ofizialaren bigarren eguna da gaur, eta, egunari hasiera emateko, honakoekin batzartu da: Alison Hunter eta Almut Möller, analisiaren eta debatearen bidez Europa bateratzea sustatzen duen European Policy Centre think thank delakoaren arduradunak. Hausnarketa talde hau 1996. urtean ipini zen abian, eta EBko politikak zehazterakoan eta Europaren etorkizunari buruzko elkarrizketan, sozio, interesdun eta, oro har, herritarrak inplikarazteko gune bat eskaintzea du xede nagusi.

Bilera goizeko lehen orduan izan da, hain justu ere, Bruselan, Euskadik EBren aurrean duen Ordezkaritzaren egoitzan, eta bertan honakoak izan dira: Ander Caballero, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusia; Ion Muñoa, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusia; Marta Marin, Euskadiren Europar Batasunerako ordezkaria; eta Mikel Anton, Europar Batasuneko zuzendaria.