Osakidetzak osasun bikaintasunaren bi Best In Class sari jaso ditu

0

Osakidetzak bi Best in Class sari jaso ditu, kudeaketan eta pazienteen arretan duen bikaintasunagatik, sari horien XIX. edizioan. Honako hauek jaso dituzte BiC Sariak: Arabako ESIak Lo Espezialitate Onena eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak Neurologia Espezialitate Onena.

Best in Class 2024 lehiaketako irabazleen izenak atzo eman ziren ezagutzera, Madrilen egindako ekitaldi batean. Sari horiek Lehen Mailako Arretako Osasun Zentro onena, Ospitale onena eta Estatuko Zerbitzu eta Unitate onenak, publikoak zein pribatuak, aintzatesten dituzte, pazienteei ematen dieten arretan bikaintasuna bilatzen dutenak.

Bi urtez jarraian, Lo Espezialitate Onena

Arabako ESIak Best in Class saria jaso du, Lo Espezialitate Onenarena. Pneumologia Zerbitzuak eta Arabako ESIko Loaren Unitate Funtzionalak bigarren aldiz jarraian jaso dute sari hori, eta pazienteei laguntzeko Loaren Unitaterik onena dela sendotu du.

Azken urteotan, unitatea 15 proiekturekin nabarmendu da estatuan eta nazioartean, eta aintzatespenak jaso ditu, hala nola Pneumologiaren eta Toraxeko Kirurgiaren Espainiako Elkarteak (SEPAR) emandako lehen SEPAR pazienteen saria 2019an, eta SEPAR-en berrikuntza- eta kalitate-proiektu onenaren bigarren postua 2022an.

Arabako ESIko Loaren Unitate Funtzionala 25 profesionalek baino gehiagok osatzen dute, eta, zeharka, 9 espezialitate baino gehiagorekin lan egiten du (Pneumologia, Neurofisiologia, Pediatria, Psikiatria, Otorrinolaringologia, Aurpegi eta Masailetako Kirurgia, Neurologia, Kardiologia eta Odontologia, besteak beste). 10.000 paziente artatzen ditu urtero eta 5.000 proba diagnostiko inguru egiten ditu. Halaber, Osakidetzaren sarean insomnioaren Erreferentziazko Zentro, Zerbitzu eta Unitate (CSUR) funtzioa betetzen du. Era berean, Gasteizko Udalaren hezkuntza-programetan aktiboki parte hartzen du duela 10 urte, ikastetxeetan loak duen garrantziari buruzko hezkuntza emanez eta hainbat unibertsitatetako programa akademikoetan lagunduz. Nazioarteko profesionalen egonaldiak ere hartzen ditu unitateak, Argentina, Mexiko, Kolonbia eta Australiatik datozenak, besteak beste.

ISO 9001 eta Konplexutasun Handiko Diziplina Anitzeko Unitatearen akreditazioa ditu, SEPAR-en bikaintasun-mailarekin. Gainera, taldeak loaren medikuntzan espezializatutako ezagutzak ditu, eta Europako zein Espainiako akreditazioak ditu (FESMES).

Neurologiako espezialitaterik onena

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIa hainbat kategoriatan aintzatetsita izan da. Hala, aurtengo edizioan, Neurologiako Espezialitate Onenaren saria jaso du, eta Konplexutasun Handiko Ospitale Onenarenean finalista izan da.

Hau da Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Neurologia Zerbitzuak jasotzen duen lehen Best in Class saria. 27 neurologok eta erizaintzako talde oso baliotsuak osatzen dute, eta pazienteei zainketa onenak emateko konpromisoa dute. Zerbitzu horrek neurologia orokorreko oso arreta eskuragarria eskaintzen die herritarrei, astean 32 kontsulta egiten baititu lau anbulatoriotan, eta horrek bermatzen du espezialitate horretako gaixotasunak goiz detektatzea.

Halaber, Neurologia Zerbitzuak arreta oso espezializatua eskaintzen du, superespezialitate neurologiko guztiak barne hartzen dituena: gaixotasun neuromuskularrak, neuroimmunologia eta esklerosi anizkoitza, narriadura kognitiboa, Down sindromea, neuroftalmologia, Iktus unitatea eta gaixotasun zerebrobaskularrak, ataxia eta paraparesia espastikoa, loaren gaixotasunak, Disautonomia laborategia eta Huntington-en gaixotasuna. Gainera, Osasun Sistema Nazionaleko Erreferentziazko Zentro, Zerbitzu eta Unitateen akreditazioa du epilepsia erregogorraren tratamendurako, epilepsiaren kirurgiarako eta mugimendu-nahasmenduen kirurgiarako.

Gaur egun, orain dela gutxi hasitako proiektu batzuk finkatu dira eguneroko asistentzia-praktikan, hala nola Neuroimmunologiako Unitatean prozesu asistentziala birdiseinatzea, Down-en sindromea duten pazienteentzako kontsulta espezializatu bat, eta funtsezko dardara tratatzeko HIFU ekipoa instalatzea.

Finalista bost kategoriatan

Horrez gain, Osakidetza finalista izan da beste bost kategoriatan: Ezkerralde- Enkarterri-Gurutzetako ESIa eta Barrualde-Galdakaoko ESIa, Konplexutasun Handiko Ospitale Onenaren kategorian; Barrualde-Galdakaoko ESIa, Osasun Zentroko Lehen Mailako Arretaren kategorian eta Humanizazio Proiektu Onenaren kategorian; Bilbo-Basurtoko ESIa eta Barrualde-Galdakaoko ESIa, Eskizofreniako Espezialitate Onenaren kategorian; eta, azkenik, Bilbo-Basurtoko ESIa, Psikiatriako eta Osasun Mentaleko Espezialitate Onenaren kategorian.

 *ARGAZKIAK: 

  • Entrega Premios BIC 1 :Osakidetzako Zuzendari Nagusia, Susana López Altuna, Arabako ESIko Loaren Unitateko eta Pneumologia Zerbitzuko taldearekin.
  • Entrega Premios BIC 2:  Osasun Laguntzako zuzendari Maite Martínez de Albéniz Zabaleta, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Neurologia Zerbitzuko taldearekin.