San José sailburua Justizia Sailaren ordezkaritza bateko buru da Kordobako Konferentzia Sektorialean

0

Bi jardunalditan Justiziako zerbitzu publikoaren modernizazioa eta bi lege organiko berrien eragina aztertuko dira

Justizia eta Giza Eskubideen sailburu María Jesús San José da bere Sailaren ordezkaritzako burua, eta ostegun eta ostiral honetan, Félix Bolaños ministroa buru duen Justizia Administrazioaren Konferentzia Sektorialaren harira Kordoban antolatutako bileretan parte hartuko du. Bilera horietan, zerbitzu publikoa modernizatzeko eta pertsona guztien sarbidea bermatzeko funtsezko gaiak jorratuko dira.

Sailburua Alfonso Gómez sailburuordearekin, Mariló Movilla Justizia Administrazioko zuzendariarekin eta Duñike Agirrezabalaga Azpiegitura eta Justizia Digitaleko zuzendariarekin batera joango da bilera horietara, eta Ministerioarekin eta gainerako autonomia-erkidegoekin batera egingo diren lan-topaketetan parte hartuko dute.

Ostegun eguerdian, Estatistika Judizialeko Batzorde Nazionalaren (CNEJ) osoko bilkura egingo da, eta arratsaldean, Administrazio Judizial Elektronikoaren Estatuko Batzorde Teknikoarena (CTEAJE). Bertan, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin eta Ministerio Fiskalarekin lankidetzan, elkarreragingarritasuna hobetzea eta Adimen Artifizialak Justizia Administrazioan duen eragina aztertuko dira.

Ostiralean, hilak 22, Justizia Administrazioaren Konferentzia Sektorialaren osoko bilkura egingo da, Félix Bolaños ministroa buru dela. Bilera horretan, joan den ekainean Zaragozan egindako azken osoko bilkuratik lantaldeen bileretan hartutako erabakien errepasoa egiteaz gain, amaitzen ari den araudi berriaren eragina aztertuko da.

Ildo horretan, joan den urrian, Kongresuak Defentsa Eskubideari buruzko Lege Organikoa onartu zuen. Lege hori datorren astean sartuko da indarrean, eta laster berretsiko da Justizia Zerbitzu Publikoaren eraginkortasunaren arloko neurriei buruzko Lege Organikoa. Biek izango dute eragina Euskadin, herritarrek zerbitzu hori jasotzeko duten eskubidea bermatzeko.

Antolatutako bileretan parte hartzearekin batera, ordezkaritzako kideek, gainera, hainbat bilera informal egingo dituzte administrazio autonomiko eta zentraletako ordezkariekin.