Ibone Bengoetxea lehendakariordeak Euskadi Literatura Sariak eman ditu Artium museoan egindako ekitaldian

0

Jon Gerediaga, Julia Otxoa, Harkaitz Cano, David de las Heras, Aiora Jaka eta Jon Urzelai izan dira aurten sarituak

Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua buru zela egin da gaur, Vitoria-Gasteizko Artium museoan, 2024ko Euskadi Literatura Sarien banaketa ekitaldia. Imanol Pradales lehendakariak, bertaratzerik izan ez duen arren, zorionak eta eskerrak eman dizkie sarituei, kulturari egindako ekarpenagatik: “zuen lanak gure herriaren nortasuna indartzen du”.

Hauek dira 2024ko Euskadi Literatura Sariarekin saritutako pertsonak:

  • Euskarazko Literatura: Jon Gerediaga, “Zeru-lurren liburua” (Elkar).
  • Gaztelaniazko Literatura: Julia Otxoa, “Bajo los astros de la repetición” (Aliar 2015 Ediciones SL).
  • Euskarazko Haur eta Gazte Literatura: Harkaitz Cano, “Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez” (Erein).
  • Literatur Lanaren Ilustrazioa: David de las Heras, “Campos de Castilla” (Lunwerg).
  • Euskarazko Literatura Itzulpena: Aiora Jaka, “Independentzien eguzkiak (Ahmadou Kourouma” (Erein eta Igela).
  • Saiakera Euskaraz: Jon Urzelai, “Su festak” (Susa).
  • Saiakera Gaztelaniaz: Eman gabe.

Ibone Bengoetxea lehendakariordeak eskerrak eman dizkie sarituei, “gizarte osoaren izenean”, eta adierazi du sari horiek “literaturak duen garrantzia gogorarazten” digutela. “Gaur egun bizi dugun ziurgabetasun-egoeren aurrean, liskar, oihu eta indarkerien aurrean, balio berezia dute hitzek”, aditzera eman du Bengoetxeak. “Literaturaren bidez, forma ematen diozue gure bizimoduari eta istorioak sortzen dituzue”.

Lehendakariordea, azkenik, herritarrei, hau da, sorkuntzaren azken hartzaileei, ohartarazi die literaturak haien beharra duela, eta saritutako lanak ezagutzera eta horietan murgiltzera gonbidatu ditu.

Artium museoan egindako ekitaldian, sarituen hitzak ere entzun ahal izan dira, eta haien liburuetako pasarteak irakurri dira, musikak lagunduta.