Emakundek prestakuntza eskaini die abokatuei indarkeria matxistaren biktimei ematen zaien tratuari buruz

0

Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Emakundek, Bizkaiko abokatu gazteen Elkarteak hala eskatuta, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei eman beharreko tratuari eta harrerari buruzko prestakuntza-saio bat antolatu du gaur. Bilkura Bizkaiko Abokatuen Elkargoan egin da.

Miren Elgarresta Larrabide Emakundeko zuzendariarekin batera, Silvia Gutiérrez Vallejo ICABizkaiako Gobernu Batzordeko ordezkariak, José Miguel Fernández López de Uralde abokatuak, Inmaculada Mata Pelegay Bizitu biktimen elkarteko presidenteak, Verónica Ponte García Getxoko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 6. zenbakiko Epaitegiko magistratuak eta Norma Vázquez García psikologo eta Sortzen-eko zuzendariak parte hartu dute.

Emakundeko zuzendariak indarkeria matxistaren biktimak artatzen dituzten profesionalen prestakuntzaren garrantzia gogorarazi du. Prestakuntza horrek «emakumeei erreparazio- eta ahalduntze-bidean lagundu behar die, eta, aldi berean, profesionalei argia eskaini behar die aurrean egiten dituzten esku-hartzeetan».

Elgarrestaren hitzetan, «oso garrantzitsua da emakumeei indarkeriatik eta indarkeriaren esparrutik ateratzeko aukera emango dieten erabakiak hartzen laguntzeko gai izatea, baina ez aurreko egoerara itzultzeko, baizik eta autonomian eta beren eskubideetan aurrera egiteko». Bere ustez, «horretarako, gero eta pertsona prestatuagoak, informatuagoak eta trebatuagoak behar ditugu, emakumeei eta, halakorik dagoenean, haien seme-alabei laguntzeko, esku hartzeko oztopo diren aurreiritziak eta estereotipoak edo emakumeak berriz biktimizatzen dituzten portaerak detektatzeko gai direnak».