Euskararen erabilera eta ezagutza areagotzeko dinamika aurkeztu dute Arratiako hiru egoitzek eusGARA ekitaldian

0

Urtetik urtera handitzen ari da eusGara komunitatea. Arratiako arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko asmoarekin sortutako proiektua da, eta gaur gaurkoz 33 enpresek osatzen dute. Iaztik hona lau enpresa berrik hartu dute konpromisoa euskara gehiago erabiltzeko: Bela Detail, Keia, Ortomobility eta Petardos CM. Enpresa horiek guztiek familia argazkia berritu dute gaur goizean Zeanuriko Zulaibar campusean egin den hitzarmen ekitaldian. Bertan elkartu dira eusGara komunitateko kide diren 33 enpresatik 20.

2025ean euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartu dute komunitateko 33 enpresek, eta eskura izango dituzte eusGarak eskaintzen dien doako zerbitzua: besteak beste, itzulpen zerbitzua, hizkuntza aholkularitza, dirulaguntzen kudeaketa, edo trebakuntza saioak.

Zerbitzua Errota fundazioak sortu zuen 2017an, eta orduz geroztik berak kudeatzen du. Finantzazio publikoa, dena den, Bizkaiko Foru Aldunditik eta Eusko Jaurlaritzatik jasotzen du, Arratiako udaletakoaz aparte. Zerbitzua Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzak eman du hasieratik. Sinadura ekitaldian izan dira proiektuaren bultzatzaile diren erakundeetako ordezkari nagusiak: Kizkitza Aurrekoetxea Errota fundazioko koordinatzailea; Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; eta Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia. Horiez gain, bailarako udaletako ordezkariak ere bertan izan dira.

Kizkitza Aurrekoetxeak estreinako aldiz hartu du parte eusGara zerbitzuaren ekitaldian, koordinatzaile moduan lehen urtea baitu Errota fundazioan. Zulaibarren elkartu diren enpresa eta erakundeei eskerrak eman dizkie “euskara Arratiako lan munduan txertatzeko” egindako urratsengatik, “hizkuntzaren erabilera zabaltzeko egindako ahalegina” ezinbestekoa izan delako.

Aitor Aldasorok ere lehen aldia izan du eusGararen ekitaldian, eta arlo sozioekonomikoa euskalduntzea Eusko Jaurlaritzarentzat helburu estrategikoa dela adierazi du. Lehentasunezko erronkatzat markatu du “euskara, enpresen lehiakortasunari begira, balio erantsia dela barneratzea”.

“Enpresaren barne funtzionamenduari begira, bai langile euskaldunei baita euskalduntze prozesuan dauden langileei euskal lan-giroa eskaintzeak euren ongizatean eragina izango du, eta horrek, ekarriko du enpresaren emaitzak hobetzea. Bestalde, bezeroari begira, euskaraz zerbitzu bat emateak kalitatea eskainiko dio hartzaileari, eta produktua nazioartean eskaintzen baldin bada, gure herriaren nortasuna, gertutasuna, sendotasuna, eta sinesgarritasunean irabaziko du”.

Isaac Amezagak, bere aldetik, adierazi du Bizkaiko Foru Aldundiak aurrera jarraituko duela arlo honetan dituen proiektuekin, Bizkaia euskaldunagoa izan dadin, baita lan-eremuan ere. “Proiektuon indargune nagusia erakunde sustatzaileen borondatea da, kasu honetan Errota fundazioarena. Eurak barik alferrekoa da erakunde publikoengandik eman dezakegun babesa”.

“Inguruari dagokionez, garrantzitsua da, eragiteko eremua eskualdea izatea. Eskualdeko enpresak, ikastetxeak, horrelako proiektuetan ekosistemaren parte diren guztiek eragin behar dute. Eta oinarri-oinarrizkoa da proiektuan parte hartzen duten guztien arteko lankidetza. Erakunde publikoen artekoa, eskualde bakoitzean eragiteko bitartekoarena, landa-lana egiten duen enpresarena (kasu honetan Ahize-AEK) eta eskualde bakoitzeko eragileak ere elkar hartzea eta animatzea”.

Euskara zaintza sektorean

eusGara zerbitzuak 2023an egin zuen hitzarmen ekitaldian hartu zuten parte Arratiako hiru egoitzek: Arratiako Egoitzak, Jandonizek eta Piedade Ondok.

Taula gainera igo ziren hiru egoitzetako ordezkariak, eta adierazpen bateratu bat irakurri zuten konpromiso komunak plazaratzeko. Honako hauek: praktikak euskaraz egiteko bidea abiatuko zutela; egoitzetan kontuan hartzea zainduak izango diren pertsonen eta senideen hizkuntza hautuak; eta egoitzetako langileentzako oinarrizko hiztegi bat sortzea ezagutza handitzeko.

Urtebeteko tartean hiru egoitzek eta eusGarako teknikariek Arratiako zaintza mahaia aktibatu dute, eta gaur goizean taula gainera igo dira bertako ordezkariak: Harkaitz Ortega, Jasone Gaztañazatorre eta Julen Fuentes. Urte honetan izandako aurrerapenak aurkeztu dituzte puntuz puntu.

  1. Praktiketako ikasleak hartzeaz gain, Zulaibar lanbide ikastegitik bisitak jaso dituzte ikasleek ezagutu dezaten zein den egoitzetako errealitatea.
  2. Egoitzetara zaindua izango den pertsona berri bat etortzen zaienean, familiartekoei jakinarazten diete euskararen erabilera areagotzeko proiektu bat garatzen ari direla. Horrez gain, pertsona horren lehen hizkuntza zein den jasotzen dute.
  3. Eta azkenik, oraindik martxan dagoen lanketa: Euskaraz Zainduz dinamika. Zaintzari lotutako euskarazko hiztegi afektibo bat sortu dute euskara ez dakiten langileek bertako edukiak barneratu ditzaten. Horretarako, euskaldunak diren lankideak irakasle lanetan jarri dituzte. Euskaraz dakitenek euskara gehiago erabiltzea da helburua, eta ez dakitenek euskarazko oinarrizko hitz eta esaldiak ezagutzea eta erabiltzea zaintzen dituzten pertsonekin. Abenduaren 8an bukatuko dute dinamika euskararen astea ospatuz.

Jendaurrean irakurritako adierazpenean konpromisoa hartu dute hiru egoitzetako arduradunek 2024 urtean abiatutako lanketa bateratuari jarraipena emateko datorren urtean ere.

Praktika onak

Zaintza lan mahaia aktibatzeaz gain, eusGara komunitateko enpresek bestelako lanketak ere egin dituzte 2024an euskararen erabilera areagotzeko.

Alinar die Casting enpresako Agurtze Etxebarria eta Industrias Galarzako Lander Abarrategik euren esperientziak partekatu dituzte Zeanurin egindako ekitaldian.

Enpresako hizkuntza irizpideak zehazteko lanketa egin dute aurten Alinar die Casting enpresan. Orain arte euskararen presentzia bermatzeko pausu batzuk eman izan dituzte, besteak beste, webgunea euskaratuz edo hizkuntza paisaian euskara txertatuz. Baina hausnarketa sakonago bat egin gura izan dute: “Euskarak gure enpresan duen edo izan behar duen posizioa aztertu eta horren arabera lehentasunezko eremu batzuetan hizkuntza irizpideak adosten ari gara”. Prozesua langileen parte hartzearekin egin dute, eta bide hori positiboki baloratu du Etxebarriak.

Industrias Galarzan, bestetik, Berbatratuak eta Egun on dinamika egin dute. Euskararen erabilera areagotzeko dinamika honetan langile bakoitzak beste bi lankiderekin euskara gehiago erabiltzeko konpromisoa hartzen du.

Euskaraz ez dakiten lankideek, bestalde, 100 hitzeko hiztegi batekin gutxieneko hitz kopuru bat ikasten aritu dira. Abarrategik azaldu duenez, dinamika honi esker jabetu dira enpresan uste baino lankide gehiagok ulertzen zuela euskaraz, eta hori sorpresa bat izan dela. Une honetan dinamikaren bigarren edizioa egiten ari dira, eta hala baloratu du: “Egun hauetan ohikoa da ikustea lankideak euskarazko hitzak erabiltzen jolas moduan. Pozgarria da, euskaratik urrun zeudela uste genuen asko ari delako erakusten bestelako konpromisoa duela”.

eusGARA komunitatea

Aurten, Arratiako 4 enpresek egin dute bat zerbitzuarekin, eta horiekin 33 dira eusGara komunitateko kide. Gaur gaurkoz, honako hauek dira eusGara zerbitzuarekin bat egin duten enpresak: Alfe Cutting, Alinar, Amorrortu, Arbegui, Arbisa, Arratiako Egoitza, Autos Varela, Batz, Behingoz, Bela Detail, Carrocerias Joseba, Carrocerias Usansolo, Cementos Lemona, Comecaran, Ekin Eraiketak, Etxegana hotela, Gorbeialde landa garapeneko elkartea, Ilunbe, Industrias Galarza, Jandoniz, Keia, Lur 2000, Ormaurre, Ormazabal, Ortomobility, Petardos CM, Piedade Ondo, Rotulos Usansolo, Tresnak, Wolco, Zuhaitz Etxeak, Zulaibar Lanbide Ikastegia eta Zuloaga Motor.

Hizkuntza industriaren ekarpena

Lohitzune Txarola Langune Hizkuntza Industrien elkarteko kudeatzaileak ere hartu du hitza hizkuntzek daukaten irabazia zein den azaltzeko. Elkartea aurkeztu du bertan, eta datorren astean egingo duten kongresuaren inguruko xehetasunak eman ditu. Donostian egingo dute azaroaren 26an eta 27an, eta Europako 15 hizkuntza minorizatuetako ordezkariak bilduko dituzte.