Eusko Jaurlaritzak handitu egin du genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako dirulaguntzak ordaintzeko partida

0
  • Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak hasiera batean 1,6 milioi euro bideratu zituen, baina partida handitu egin du eskaera guztiari erantzun ahal izateko
  • Joan den urtean 385 emakumek jaso zuten bultzada hori, erasotzailearengandik urrun bizitza berri bat hasteko; 2024an, orain arte, 322 laguntza eman dira jada, eta 71 eskaera daude ebazteko
  • Ordainketa bakarreko prestazio hori 2.880 eurotik 11.520 eurora bitartekoa da, emakumearen eta bere kargura dauden pertsonen egoeraren arabera

Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak handitu egin du genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako dirulaguntzak ordaintzeko partida, dagoen eskaerari erantzun ahal izateko.  Partida zabalgarria da, laguntza hori behar duten eta baldintzak betetzen dituzten emakume guztiek eskuratu baitezakete. 2024an 1,6 milioi euroko aurrekontua egin zen, eta duela gutxi beste 774.766 euro gehitu dira; guztira, 2.374.766 euro bideratu dira, beraz.

Laguntza ekonomiko horren helburua da genero-indarkeria jasan duten emakume horiei erasotzailearengandik independizatzen laguntzea, eta harengandik independentea den bizimodu berri bat hastea. Iaz 385 emakumek jaso zuten bultzada ekonomiko hori, aurreko urtean baino % 50 gehiagok. 2024an, orain arte, era horretako 322 laguntza eman dira jada, eta oraindik 71 eskaera daude ebazteko, urteko azken asteetan iritsi daitezkeenen zain.

Zehazki, Bizitza Beterako Laguntzen Zuzendaritzak 549 eskaerari erantzun die orain arte –2024an jasotako 473ri eta ebatzi gabe geratu ziren 2023ko beste 76ri–.  322 laguntza eman dira, 137 eskaera ukatu dira eta 19 atzera bota dira. Gainera, 71 eskaera erantzunik gabe geratu dira, eta 2024an zehar ebatziko direla espero da.

Laguntza hori genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat baino ez da, hau da, Lege Organikoak ezartzen duen moduan, gizon batek bikotekide den edo izan den emakume baten aurka beti erabilitako indarkeria gisa ulertuta.

Laguntza horren helburua da, diru-kopuru handia denez eta dena batera ordaintzen denez, bideragarri egitea emakumea bizi duen tratu txarren egoera horretatik errazago atera ahal izatea. Laguntza horren bidez lortu nahi da zorrei aurre egin ahal izatea (askotan erasotzaileak sortutakoak), behar izanez gero etxebizitza aldatzea, alokairu baten fidantza ordaintzea, etab. Laguntza horren azken helburua da diru-sarrerarik eza edo eskasia neurri batean arintzea, emakumeari bizirauteko gutxieneko baliabide batzuk emateko.

900 840 111, 24 orduan zabalik

Eusko Jaurlaritzak gogorarazten du genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako telefono bidezko arreta-zerbitzua, 900 840 111 telefono-zenbakiaren bidez, eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan, dagoela behar duten emakumeen eskura. Arreta –berehalakoa, anonimoa eta fakturan arrastorik uzten ez duena– hainbat hizkuntzatan ematen da, eta entzuteko eta/edo hitz egiteko desgaitasuna duten pertsonak artatzeko ere prestatuta dago.

Edonola ere, indarkeriaren biktima diren emakumeek 112 telefono-zenbakia ere eskura dute larrialdi-kasuetan.