Ikasleei zuzendutako kanpaina, Isuri Gutxiko Eremua ezagutarazteko

0

Donostiako Udalbatzak ISURI GUTXIKO EREMUA (IGE) arautzen duen ordenantza behin betiko onartu ondoren, indarrean sartu aurreko azken izapide administratiboa burutu da. Horrela, egokitzapen- eta informazio-aldi bat hasiko da, herritarrak erregulazio berriarekin ohitu daitezen eta zuzeneko baimenik ez duten pertsonek dagokien baimena izapidetu ahal izan dezaten.

Isuri Gutxiko Eremuari buruz herritarrek dituzten zalantzei erantzuteko arreta-bulego bat irekitzeaz gain, Udalak sentsibilizazio-kanpaina espezifiko bat hasi du udalerriko ikasleen artean. Helburua IGEren ezarpenak 2025eko urtarrilean indarrean jartzen denean ekarriko dituen onura sozialak eta ingurumenekoak ezagutaraztea da.

Ekologiako zinegotzi Iñigo Garcíak gogorarazi duenez, «Isuri Gutxiko Eremuan kutsadura-maila handiak igortzen dituzten ibilgailuen zirkulazioa mugatzen da, airearen kalitatea hobetzeko eta kutsadura murrizteko. Hirian, eremu horrek 1,2 Km2-ko azalera hartzen du, eta hiriaren erdialdean dago. Neurri horiekin lortu nahi dugun helburua airearen kalitatea eta osasun publikoa hobetzea da, Isuri Gutxiko Eremuan ezingo baitute zirkulatu gehien kutsatzen duten ibilgailuek».

Eskola-kanpaina oso parte-hartzailea

IGE ezartzeak pertsonen osasunean eta planetaren iraunkortasunean eragin positibo nabarmena izango duenez, ahalik eta pertsona gehienei ezagutaraztea da helburua. Horretarako, azaroaren 25etik aurrera, bi ahizpa berezik Donostiako ikastetxeak bisitatuko dituzte, eta, umorean oinarritutako ekintza parte-hartzaile baten bidez, eskola inguratzen duen espazio publikoa nola hobetu dezaketen irudikatuko dute. Irudimena izango da muga bakarra, eta lorategiek, espazio publikoak, parkeek… eta autoek zein paper jokatuko duten erabaki ahal izango dute.

Garciak gogorarazi duenez, «programa hau hausnarketa kolektibo baten hasiera da, gehien kutsatzen duten ibilgailuen zirkulazioa mugatzeari eta horrek ekarriko dituen hobekuntzei buruz. Adibidez, kutsadura atmosferikoa murriztea eta, beraz, arnasten dugun airearen kalitatea hobetzea, kutsadura akustikoa murriztea edo garraio publikoaren erabilera handitzea… Horrek guztiak espazio publikoaren errekuperazio sozialean eta ohitura osasungarriagoak erabiltzen lagunduko du, hala nola erdialdera joateko oinez ibiltzea edo bizikletaz joatea. Eta, jakina, ibilgailuek isurtzen dituzten berotegi-efektuko gasen murrizketak klima-aldaketaren erronka handiari aurre egiten lagunduko du.»