Noël d’Anjou Sailburuak 2025eko Aurrekontuen proiektua aurkeztu dio Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari

0

Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak Euskadiko 2025eko Aurrekontu Proiektua aurkeztu dio Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari. Legealdiaren hasiera honetan organo aholku-emaile horrekin egin duen lehen bilera izan da. Zenbakizko xehetasunez gain, sailburuak oposizioko taldeekin egiten ari den aurrekontu-negoziazioaren egoeraren berri eman du. Izan ere, Eusko Jaurlaritza osatzen duten taldeek aurrekontu-proiektuari ematen dioten babesa baino babes handiagoa lortu nahi du. “Akordioak lortzeko benetako borondatea dugu, nahiz eta gehiengo osoa dugun, Euskadirentzat ona baita», adierazi du.

Noël d’Anjouren hitzetan, aurrekontuak “sendoak dira eta hartutako konpromiso guztiak indarrez eta ausardiaz babesteko gai. Proposamenak politika errealistak, zehatzak, onargarriak eta jasangarriak jasotzen ditu”.

Horrez gain, aditzera eman du 2026ko aurrekontuei begira, aurrekontu-jarraibideak aurkezten diren unean hasiko direla elkarrizketak, eta Eusko Jaurlaritzaren eta gainerako taldeen arteko elkarlanerako prozesuak eta metodoak ere ezarri ahal izango direla, herri-erronka handiei erantzuteko estrategiak parteka eta gara daitezen.

Oraingoz, bi bilera egin dituzte SUMARekin, PPrekin eta EH BILDUrekin, eta, bilera horien ondoren, aste honetan PPrekin eta EH BILDUrekin lanean jarraituko dute, SUMARek negoziazioa utzi baitu.

 “Ezin dizuet prozesuan jarraitzen duten taldeekin egindako bileretan esandakoari buruzko xehetasunik eman, negoziazioaren arrakasta erabakitzeko borondate politikoaren mende ez ezik, diskrezioaren mende ere baitago. Ikusiko dugu. Aste hau erabakigarria izango da”.

Sailburuak, amaitzeko, Anton Costas Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko presidenteak esandako hitzak aipatu ditu, joan den astean Europako gobernantza ekonomikoari buruzko txosten baten aurkezpenean akordioaren balioa nabarmendu baitzuen. Adierazi zuen datozen hamarkadetan behar-beharrezkoa izango dela elkarrizketarako topaguneak indartzea, gizarte pluraletan sortzen diren gatazkak behar bezala kudea daitezen.