Pérez sailburuak goi-mailako hezkuntzaren bidez EBren lehiakortasuna bultzatuko duten proposamenak aurkeztu ditu Europan

0

Sailburuak talentua sortu eta erakarriko duten goi-mailako prestakuntza-zentro bereziak garatzearen alde egin du, industria, merkatua eta gizartea eraldatuko dituzten berrikuntzak sortzeko

Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, autonomia-erkidegoen jarrera bateratuaren bozeramaile gisa, EBko Hezkuntza, Gazteria, Kultura eta Kirol Ministroen Kontseiluan hitz egin du. Agerraldi hori, 2024ko bigarren seihilekoan Eusko Jaurlaritzak autonomia erkidegoen parte-hartzearen koordinazioan egin duen lanaren itxiera izan da.

Pérez sailburuak eskualdeetako gobernuek izan behar duten funtsezko zeregina aipatu du, goi-mailako hezkuntzako Europako erakundeei mundu mailan EBren lehiakortasuna bultzatzeko motor bihur daitezen nola lagun dakiekeen galderari erantzunez.

Europan hazkunde iraunkorra bultzatzeko, sailburuak goi-mailako prestakuntza-zentro bereziak eta espezializatuak garatzea proposatu du, industria, merkatua eta gizarte osoa eraldatuko duten berrikuntzak sortzeko eta talentudun pertsonak prestatu eta erakarriko dituztenak. Halaber, ahalegin iraunkor baten bidez eta berrikuntza disruptiboak tarteko direla, abantaila lor daitekeen arloetan fokua jartzeko beharraz hitz egin du.

Aurreikusitako unibertsitate-titulazioari dagokionez, Perezek azpimarratu du unibertsitateek eta ikerketa-zentroek aurre egin behar dieten hiru arazo handi konpontzeko balio behar duela: talentuaren beharra, berrikuntza disruptiboen eskasia, eta lan-merkatuan sartzen direnen eta ehun sozioekonomikoaren premien arteko gaitasun-arrakala.

Euskal Autonomia Erkidegoak koordinatu egin du EBko Hezkuntza, Gazteria, Kultura eta Kirol Ministroen Kontseiluko hezkuntza eta kultura arloen parte-hartze autonomikoa 2024ko bigarren seihilekoan, Kontseiluan hartu eta onartu diren dokumentuak eta erabakiak modulatu dituzten lantaldeetan parte hartuz. Azpimarratu behar da Euskadik zuzenketak egin dituela, eta zuzenketa horiek Kontseiluan onartu diren Europako legeriaren erabakietan eta proposamenetan sartu direla.