Emakundek bi material sektorial berri argitaratu ditu, Generoaren araberako Eraginaren Txostenak egiten parte hartzen duten Euskal Administrazio Publikoko pertsonei laguntzeko. Nolanahi ere, sektore desberdinetan dauden desberdintasun nagusiak (emakumeen eta gizonen presentzia, baliabideetarako sarbidea, parte-hartzea eta arau sozialak…) identifikatu eta sektore horietan emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz dauden agindu espezifikoak ezagutu nahi dituzten pertsona guztientzat ere baliagarriak izan daitezke.
Sektore-gida berriek gazteria eta turismoa jorratzen dituzte, eta, besteak beste, kulturari, justiziari, ingurumenari edo osasunari buruz daudenei gehitzen zaizkie.
Gazteei dagokienez (EAEko biztanleriaren % 14,8), gidan gazteen arteko desberdintasunak ulertzeko funtsezko datuak ematen dira, hala nola hezkuntzaren STEM adarretan oraindik emakume gazte gutxiago egotea edo lan-eremuko desabantailak.
Langabezia-tasa edo lanaldi partzialeko enplegu-tasa handiagoak eta lan-baldintza okerragoak dituzten sektoreetan presentzia handiagoa izateak eragiten du emakume gazteek autonomia ekonomiko txikiagoa izatea eta, beraz, bizimodu independentea izateko zailtasun gehiago izatea.
Dokumentuak nabarmentzen du, halaber, antsietate, depresio-sintomen eta adikzioen prebalentzia handiagoa dela emakume gazteen artean gizonen artean baino. Bestetik, belaunaldi berriak gero eta sentsibilizatuago dauden arren indarkeria matxisten aurrean, emakume gazteen aurkako indarkeriak gora egin du modu guztietan, bereziki indarkeria digitalean.
Material horien artean berritasuna den beste sektore bat turismoarena da, eremu feminizatua, bai ikasketetan zein lanbideari dagokionez. Gidak nabarmentzen du turismo-sektoreko emakumezko langileek gizonek baino lan-baldintza okerragoak dituztela. Gainera, sektorearen feminizazioak ez du esan nahi emakumeak gehiago direnik erantzukizuneko karguetan.
Gida berri horiek –Gazteria eta Turismoa– Emakunderen webgunean daude eskuragarri, eta gainerako materialak ere kontsulta daitezke bertan: Kultura, Gizarte-bazterketa eta pobrezia, Justizia, Lurralde plangintza eta hirigintza, Kirola, Landa-Garapena eta Nekazaritza, Herritarren Segurtasuna, Ekintzailetza eta enpresa txiki eta ertainak, Garraioa eta mugikortasuna, Ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza, Informazioaren gizartea, Enplegua, Ingurumena, Ekonomia, Komunikazioa, Osasuna, Industria eta Hezkuntza.
Guztiak baliagarriak sektore bakoitzean ematen den berdintasun eza sakonago ezagutzeko.