Enpresen garapen ekonomikorako eta lehiakortasunerako hizkuntza gutxituek duten garrantzia nabarmendu du Lehendakariak  

0

Imanol Pradalesek Hizkuntzen Irabazia nazioarteko foroan parte hartu du, non teknologia berrietan euskarak zenbat aurreratu duen erakutsiko baita

Gaur eguerdian, ‘Hizkuntzen Irabazia’ jardunaldian esku hartu du Lehendakariak. Biltzar honek Europako hamabost hizkuntza gutxitutako Euskadiko eta Europako hainbat aditu elkartuko ditu, mintzaira gutxitu horiek guztiek ekonomia lokalari egiten dioten ekarpena ikusarazteko. Topaketa honen baitan, euskarak teknologia berrietan erdietsi dituen aurrerapenak erakutsiko dira, eta Europako beste hizkuntza gutxitu batzuen nondik norakoak ere bertatik bertara ezagutu ahalko dira.

Testuinguru honetan, euskarak digitalizazioa eta beste hizkuntza batzuekiko elkarlana elikatzea garrantzitsua dela nabarmendu du Imanol Pradalesek bere mintzaldian, horrela, adimen artifiziala bultzatzeko; eta, gogora ekarri duenez, hizkuntza-industria honek eta hizkuntza-teknologia hau osatzen duten lau segmentuetako enpresek 4.600 enplegu inguru sortu eta 211 milioi euro fakturatzen dituzte. “Hizkuntzek, beraz, garapen ekonomiko eta sozialean zuzeneko eragina dute, aberastasuna eta enplegua sortzen dutelako”, azpimarratu du.

Ildo beretik, Imanol Pradalesek argi eta garbi utzi du hizkuntzak egoki kudeatzea oso onuragarria dela enpresetako lehiakortasuna bultzatzeko garaian; izan ere, “ez da gauza bera negozio bat finkatu gura dugun herrialdeko hizkuntzan hitz egiteko gai izatea edo ez. Areago, hurbiltasun hori oso erabakigarria izan daiteke adostasunak lortzerakoan” adierazi du.

Lehendakariak azaldu duenez, jarduera ekonomiko oro pertsonen arteko hartu-emanetan oinarritzen da; eta, hortaz, mintzairek ere pisu handia daukate horretan guztian. Ondorio gisara, Nelson Mandelaren esaldi bat ekarri du gogora: “pertsona bati ulertzen duen hizkuntza batean hitz egiten badiozu, bere burura iritsiko zara; baina berea den hizkuntzan hitz egiten badiozu, bihotzera iritsiko zara».