Eusko Jaurlaritzak aurrerapausoak eta Euskadirentzat garrantzitsuak diren gaiak jorratzea espero du Aldebiko Lankidetza Batzordean

0

Imanol Pradales Lehendakariak eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Aldebiko Lankidetza Batzordearen lehen bilera egingo dute, bihar, asteazkena, Madrilen.

Maria Ubarretxena bozeramaileak jakinarazi duenez, bilera azaroaren 6an egitea aurreikusita zegoen, baina atzeratu egin zen DANAren ondorioz, Valentzian eta beste autonomia-erkidego batzuetan eragindako kalte larriak medio.

Koordinazio- eta lankidetza-organo horren helburu nagusia da Euskadira eskualdatzeke dauden 29 eskumenen negoziazioa sustatzea.

Era berean, bi gobernuen arteko aldebiko harremanari eragiten dioten gaiak jorratzeko ere baliatuko da batzordea, bestea beste: migrazio-kudeaketa, Europako makroeskualde atlantikoaren sorrerari bultzada ematea edo Europako Kontseiluak euskara Europar Batasuneko hizkuntza ofizial izendatzeko prozesua bultzatzea.

Arkauteko lotuneko obren kudeaketa-gomendioa Eusko Jaurlaritzari

Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriko sailburuak hitzarmen baten berri eman du Gobernu Kontseiluan,  zeinaren bidez, Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari agindu dio Arkauteko lotuneko eraikuntza-proiektua idaztea eta obrak egitea.

Euskadiko abiadura handiko sarearen tren-azpiegitura horrek aukera emango du trenak, Gasteizko kanpoaldetik, hainbat norabidetara banatzeko.

Kudeaketa-gomendio honen baitan,  Euskal Trenbide Sareak proiektua idatzi eta obren lizitazioa egingo du.

Abiadura handiko Euskal Trenbide Sarearen Arabako puntu estrategiko honek 10,7 kilometroko luzera izango du, Euskadiko abiadura handiko linea Estatuko gainerako sarearekin lotzeko.

Guztira, 146,33 milioi euro inbertituko dira. 3,25 euro eraikuntza-proiektua idazteko; 130,07 euro obrak egiteko; eta 13,01 euro obren zuzendaritza fakultatiborako.

Hitzarmenaz harago, ADIFek beste 34,67 milioi euro inbertituko ditu instalazio eta gainegituretan.

Hitzarmenak Arkauteko lotunearen lanek irauten duten bitartean iraungo du, eta bi jarraipen-batzorde eratu dira, bata teknikoa eta bestea, erakunde-arteko arduradunena, lanak behar bezala aurrera eramateko.

10,5 milioi gehiago Osakidetzarako

Gobernu Kontseiluak Europako funtsetatik datozen 10,5 milioi euroko gastua baimendu du gaur. Osasun Sailak eta Osakidetzak gastu hori bideratuko dute arreta pertsonal digitalizatura, gaixotasun arraroak eta alboko esklerosi amiotrofikoa (AEA) duten pazienteen arreta hobetzera eta zorro genomikoa zabaltzera.

Osasun Sailak eta Osakidetzak lankidetza-hitzarmena sinatuko dute, Europar Batasunak finantzatutako Next Generation Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Euskadira bideratutako 10.424.171,85€ko aurrekontua aipatu esparruetan inbertitzeko.

AEAko pazienteei buruzko inbertsioari dagokionez, beste programa batzuen artean, begien jarraipena egiteko sistemak abiatuko dira pazienteen eguneroko bizitza errazteko. Gaixotasun arraroak dituzten pazienteei lotutako inbertsioen helburu nagusia da osasun-zentroetako espazioak irisgarriagoak, erosoagoak eta gizatiarragoak egitea. Eta aldi berean, Eusko Jaurlaritzak proba genetikoen katalogoa zabalduko du, diagnostiko goiztiarrak eta tratamendu goiztiarrak hobetzeko.

Azkenik, funtsak «Arreta Pertsonal Digitalizaturako» ere erabiliko dira, hori baita administrazio publikoa modernizatze aldera, euskal osasun-sistema publikoari lotutako erronka nagusietako bat.

1,6 milioi Guggenheimerako

Eusko Jaurlaritzak 1,6 milioi euro gehiago jarriko ditu Bilboko Guggenheim museoan, artelanak erosteko helburuarekin.

Gobernu Kontseiluak ekarpen berri hori onartu du, «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen kapital-gehikuntzaren bidez.

Eragiketa horren baitan, Jaurlaritzak kapital sozialaren % 50eko partaidetzari eutsiko dio, eta beste % 50a Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio.

 

Gai-zerrenda

Prentsa Dosierra