Osasun mentaleko nahasmenduak direla eta, Osakidetzak 13.000 adingabe baino gehiago artatzen ditu urtero Bizkaian

0

Haurren eta nerabeen osasun mentalaren arreta lehentasun bihurtu da euskal gizartean, eta horren erakusgarri da azken urteotan izan den eskaera gero eta handiagoa, neurri batean pandemian bizi izandako egoerak eta, bestetik, herritarrek beren osasun mentalaren zaintzari ematen dioten balioak eraginda. Bizkaian, urtero 13.000 adingaberi baino gehiagori ematen zaie arreta Osakidetzak eskura jartzen dituen baliabideekin, eta adingabe horietatik ia 3.000 lehenengo aldiz joaten dira kontsultara.

Kasu horiek guztiak Osakidetzaren Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarearen (BOMS) bidez artatzen dira; hau da, honako zentro hauen bidez: haur eta nerabeentzako osasun mentaleko 5 zentro espezifiko, Bilboko Nerabeen Eguneko Ospitalea eta Ortuellako Hezkuntza Unitate Terapeutikoa. Esandakoez gain, jarduera asistentziala beste zentro hauekin osatzen da: Bilbo-Basurtuko ESIko Haur eta Gazteentzako Ospitalizazio Unitatea (horren barruan kanpo-kontsultak, kontsultartekoak eta Eguneko Ospitalea daude), Gurutzetako Ospitaleko Haurren kontsultarteko zerbitzua, eta Galdakao-Usansoloko Ospitaleko Nerabeentzako Eguneko Ospitalea. Gainera, BOMS sarea beste erakunde sanitario eta soziosanitario batzuekin lankidetzan aritzen da, arreta komunitarioko eredu batetik.

BOMS sareak dioenez, nerabeen taldean, Osakidetzako profesionalen asistentzia antsietate- eta depresio-sintometan zentratzen da gehienbat, nahiz eta paziente askok koadro kliniko larriagoak dituzten, elikadura-jokabidearen nahasmenduen eta jokabide autolitikoen barruan.

Gainera, etxean isolatuta dauden nerabeentzako arreta-eskaerak areagotzen ari dira, eskola-absentismo iraunkorra dutenak eta laguntza eman diezaieketen gizarte- edo osasun-baliabideekin inolako loturarik ez dutenak. Haiei arreta egokitzen zaie, batzuetan baita etxean bertan esku hartuz ere.

Bestalde, 0-4 urte bitarteko adin-taldean, kontsultan gehien artatzen diren kasuak mintzairaren atzerapenak eta komunikazio-zailtasunak dira. Horien artean, ehuneko esanguratsu batek Autismoaren Espektroko Nahasmenduen (AEN) irizpideak betetzen ditu, beraz, diagnostiko diferentzial espezifiko baten beharra dago.

BOMSek ANTOLATUTAKO JARDUNALDIAK

Hain zuzen ere, kolektibo horien osasun mentalari buruz hausnartzeko eta sakontzeko, BOMSek azaroaren 28 eta 29an antolatu ditu Haur eta Nerabeen Osasun Mentalaren I. Jardunaldiak Bilbon. Jardunaldietan hizlariek Garapeneko Nahasmendu Larrien eta AENaren detekzio goiztiarrean sakonduko dute: haurtxo eta ume txikien garapenean laguntzea prebentzioari begira; haurtzaro goiztiarrean diagnostikatzearen eskakizunak eta zentzua, eta esperientzia terapeutikoak.

Beste bi mahaitan, nerabeen arretari buruz arituko dira, eta ulertzeko eta esku hartzeko ereduak proposatuko dituzte, larritasunera egokitutako eta maila komunitarioan abian jarritako talde-tratamenduen bidez. Eta, azkenik, esku-hartzeak hezkuntza-erakundeekin edo gizarte-zerbitzuekin koordinatzeko beharrari buruzko hitzaldiak emango dira.

Adituak bat datoz esatean kolektibo horren arreta-eskaeraren hazkundea antzekoa dela gurean eta inguruko beste autonomia-erkidego edo herrialde batzuetan ere, eta, berez, atzean dagoen arrazoia zailtasun psikikoak agertzeko modu berria dela, aldaketa sozial eta teknologikoekin estuki lotuta.

Euskadin, haurren eta nerabeen osasun mentaleko arreta lehentasun bat da, eta hala dago jasota Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren 2023-28ko Euskadiko Osasun Mentaleko Estrategian. Hain zuzen ere, bertan jasotako jarduera-ildoen artean, honako hauek daude: haurtzaroan eta nerabezaroan osasun mentala sustatzea, adin horietan osasun mentaleko sintomak eta nahasmenduak garaiz hautematea eta prebenitzea, kolektibo horri arreta ematea, eta nahasmendu mentalak dituzten haur eta nerabeen diskriminazioaren eta estigmatizazio sozialaren aurka borrokatzea.

BOMSek antolatutako Haur eta Nerabeen Osasun Mentalaren I. Jardunaldien inguruko informazio gehiagorako, kontsultatu egitaraua:

https://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/evento/cosk_jor_sal_men_inf_ado/eu_def/adjuntos/Folleto_Jornada_IA_EUS.pdf