Joxerra Bengoetxea, UPV/EHUko errektore berria, boto haztatuen % 63,63 lortuta

0
PRUEBA

Gaur, errektore berria aukeratzeko hauteskunde eguna izan da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta irakasleak, ikasleak eta teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak izan dira deituak botoa ematera, guztira, 50.590 lagun. Joxerramon Bengoetxearen hautagaitza gailendu zaio Eva Ferreiraren hautagaitzari, emaitza hau izanik: Bengoetxeak % 63,63 eta Ferreirak % 36,37. Agintaldia, lehenengo aldiz, sei urtekoa izango da, eta ezin izango da ez luzatu ez berritu, hala ezartzen baitu martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoak, Unibertsitate Sistemari buruzkoak.

Jakina denez, unibertsitateko hauteskundeetan boto haztatua ezartzen da. Hau da, unibertsitateko kidego bakoitzari ehuneko bat esleitzen zaio eta, horregatik, hautagaitzen emaitzak ehunekotan ematen dira. Hauek dira talde bakoitzari esleitutako ehunekoak: 1) unibertsitateko irakasle-ikertzaile iraunkor doktoreek, % 56.25; 2) unibertsitateko irakasle-ikertzaile iraunkor ez-doktoreek eta unibertsitateko irakasle-ikertzaile ez-iraunkor doktoreek, % 8; 3) gainerako irakasle-ikertzaileek, % 1,59; 4) ikasleek, % 22,08; eta 5) teknikariek eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileek, % 12,08. Ondorengo grafikoetan jasota daude hautagai bakoitzak lortutako botoak eta ehunekoak, taldeka banatuta.

Hauteskundeetan 11.081 izan dira boto eskubidea gauzatu dutenak: balioz emandako 10.049 boto; 530 boto zuriak izan dira eta baliogabeak, 82. Azken emaitzarako, hautagaiei balioz emandako botoak baino ez dira hartzen kontuan.

Gaur arratsaldean aldarrikatu da, behin-behinekoz, hautagai garailea. Inpugnazioak aurkezteko epea abenduaren 2an bukatuko da. Inpugnaziorik ez badago, hurrengo egunean aldarrikatuko da behin betiko errektore hautetsia, hau da, abenduaren 3an.

Hauteskunde kanpaina azaroaren 8an hasi eta hilaren 24an amaitu zen, eta kanpainako mugarri nagusietako bat azaroaren 11n egingo den Klaustroa izan da, hautagaiek beren programak azaldu baitituzte bertan. Azpimarratzekoa da kanpainako egun batzuetan botoa aldez aurretik emateko aukera egongo dela, eta, hain zuzen ere, azaroaren 18tik 21era bitartean eman ahal izan da fakultate, eskola eta campusetako idazkaritzetan.

Errektorea unibertsitateko agintari akademiko gorena da. Errektorea unibertsitateko kideek hautatzen dute, hautaketa zuzenaz eta sufragio unibertsal, libre, sekretu eta haztatuaren bidez. Errektore izateko hautagaia arduraldi osoan diharduen irakasle‑ikertzaile iraunkor doktorea izan behar da eta izan behar ditu, gutxienez, ikerketako hiru seiurteko, irakaskuntzako hiru bosturteko eta lau urteko esperientzia unibertsitate gestioan, kide bakarreko kargu batean. Aurkeztu diren bi hautagaitzek gutxienez klaustrokideen % 10ek sinatutako bermea dute.

2024ko HAUTESKUNDEETAKO EMAITZAK

BOTO KOPURUA ETA BOTO HAZTATUA
BENGOETXEA FERREIRA
Botoak Haztapena Botoak Haztapena
A SEKTOREA (IRIRI) 976 % 31,32 777 % 24,93
B SEKTOREA (IRIEDI) 585 % 5,37 287 % 2,63
C SEKTOREA (Bestelako IRI) 374 % 1,12 155 % 0,47
D SEKTOREA (Ikasleak) 4.790 % 17,49 1.257 % 4,59
E SEKTOREA (TEKAZEL) 874 % 8,33 394 % 3,75
GUZTIRA % 63,63 % 36,37

* A taldea: Unibertsitateko irakasle-ikertzaile iraunkor doktoreak (IRIID). Haztapena: % 56,25
* B taldea: Unibertsitateko irakasle-ikertzaile iraunkor ez-doktoreek eta unibertsitateko irakasle-ikertzaile ez-iraunkor doktoreek (IRIIEDEID). Haztapena: % 8
* C taldea: Gainerako irakasle-ikertzaileak (Gainerako IRI). Haztapena: % 1,59
* D taldea: Ikasleak. Haztapena: % 22,08
* E taldea: Tteknikariek eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileek (TEKAZEL). Haztapena: % 12,08