Osakidetzak zabaldu egin du herritarren aho-hortzetako osasuna zaintzeko estaldura; horrela, azarotik aurrera, 0-6 urte bitarteko haurrak beren erreferentziazko osasun-zentroko odontologia-kontsultetara joan daitezke, izan ere, zerbitzu hori Osakidetzaren sare osoan ezarri da. Neurri berri hau 108.000 adingaberentzat izan daiteke onuragarria. Honen bidez, hasierako txantxar-lesioen prebentzioaren eta detekzio goiztiarraren garrantzia azpimarratu nahi da, baita bizitzako hasierako etapetan ere, garai horretan ateratzen baitira lehen esne-hortzak. Hedapen horrekin, Osasun Sailak eta Osakidetzak beste urrats bat eman dute herritarrentzako zerbitzuak zabaltzeko eta Lehen Mailako Arreta indartzeko konpromisoan.
Hori dela-eta, handitu egin da haurrei ematen zaien hortz-asistentzia. Gogoratu behar da orain dela 33 urtez geroztik, PADI programaren bidez, arreta bermatuta egon dela 7 eta 15 urte bitarteko pertsonentzat, Euskadiko Odontologo eta Estomatologoen elkargo ofizialen laguntzarekin. Arreta aukera libreko klinika itunduetan ematen da, inolako kosturik gabe familientzat. Orain beste urrats bat egin nahi izan da, eta arreta haur guztietara zabaldu bizitzako lehen hilabeteetatik. Baina PADIn ez bezala, kontsultak Osakidetzako osasun-zentroetan bertan egiten dira.
Hala, 0-6 urteko biztanleriarentzako hortz-asistentziak honako hau hartzen du barne:
- Txantxarra izateko arriskua aldizka ebaluatzea.
- Hortz-osasunari buruzko gomendioak: dieta, eskuilatzea, fluorra…
- Garbiketa eta tratamenduak, etorkizunean enpasteen beharra saihesteko edo atzeratzeko.
- Hortzen gainazalean fluor-bernizak aplikatzea, lesioak geldiarazteko.
- Hortzetako hobiak eta pitzadurak zigilatzea.
- Obturatzeak behin betiko lehen hortzetan (6 urte inguru dutenetan).
- Hortz-haginen erauzketa.
- Larrialdiak, Lehen Mailako Arretako pediatria-taldeak balorazioa egin ondoren.
Asistentzia horretan ez dira sartzen esne-hortzetako ortodontziak, enpasteak edo endodontziak.
NOLA HARTU ZITA?
Arreta eskatzeko, familiek zuzenean dei dezakete beren osasun-zentrora, eta zita eskatu aho-hortzetako arretako unitatearekin. Bestela, erreferentziazko pediatrarekin kontsulta dezakete. Odontologiako kontsulta dagokion osasun-zentroaren arabera esleituko da.
Osakidetzak gogorarazi nahi du hortzen eta ahoaren zaintza jaio ondoren hasten dela, ohitura osasungarriak ikasten, hala nola azukrerik gabeko elikadura egokia eta eskuilatze egokia nola egin, adin bakoitzerako adierazitako fluor-pastaren kopuru aproposa kontuan hartuta.
0 eta 6 urte bitarteko lehen etapan, lehen hortzak ateratzen direnean, higienea funtsezkoa da txantxarra bezalako arazoak agertzea saihesteko. Detekzio goiztiarrari esker, adin horietan txantxarren hasierako lesioak geldiarazi daitezke bitarteko erraz eta egokiekin, enpasteak jarri beharra saihestuz eta denbora irabaziz behin betiko hortzak hasi arte.
Testuinguru horretan, hain zuzen, Osakidetzak aho-hortzen prebentzioaren eskaintza zabaldu du, haurrak sareko osasun-zentroetan dauden odontologia-kontsultetara joan ahal izan daitezen.
PRESTAZIO GEHIAGO LEHEN MAILAKO ARRETAN
2023tik, Osakidetzak hainbat kolektibo sartu ditu aho-hortzetako osasun-zerbitzuen zorro berrian. Aipatutako PADIz gain, zeinak urtero 7 eta 15 urte bitarteko 200.000 haur artatzen baititu, iazko maiatzean, haurdunaldiko hortzetako prebentzio-jarduerak zabaldu ziren Osakidetzako Lehen Mailako Arretako hortz-unitate guztietan. Jarduera horiek zerbitzuen zorro berriaren proiektuan jasota daude. Paziente onkologikoentzako hortzetako prestazioak, bestalde, Osakidetzaren kontsulta publikoetan ere ematen dira.
0 eta 6 urte arteko aho-hortzetako arreta pixkanaka ezartzen joan da urte honetan zehar, profesionalak prestatuz eta espazioak egokituz, baina azaro honetatik aurrera guztiz finkatu da Osakidetzaren sare osoan. Kalkuluen arabera, zerbitzu-zorroaren hedapen honek 108.000 haurrei egin diezaieke mesede.
Informazio gehiago Osasun Eskolan, herritarrei informazioa eta prestakuntza emateko Osakidetzaren atari digitalean:
https://www.osakidetza.euskadi.eus/haurren-hortz-laguntza/webosk00-oskenf/eu/