Segurtasuneko sailburu Bingen Zupiria Euskadiko Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeko buru izan da gaur Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan. Bileran Segurtasuneko sailburuorde Ricardo Ituartek, Segurtasuna Koordinatzeko zuzendari Asier Erkorekak eta Ertzaintzaren zuzendari Victoria Landak ere parte hartu dute.
Organo honek Euskadiko udaltzaingoen lana eta elkarlana aztertzen du. Gaur egindako bileran, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren egitura berria eta Euskadiko Udaltzaingoen jarduera aurkeztu dira. Topaketak aurten Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren artean izan diren Tokiko Koordinazio Batzordeei buruzko informazioa emateko ere balio izan du.
Eusko Jaurlaritzaren egoitzan egindako bileran, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udaletako eta EUDELeko ordezkariek ere parte hartu dute.