Eurocybcar eta Aenorrek bat egin dute ibilgailuek Europako zibersegurtasun-araudia betetzen dutela ziurtatzeko

0

Eurocybcar eta Aenorrek Europako zibersegurtasun-egiaztagiria garatu dute elkarrekin. Ibilgailu batek (auto, kamioi, autobus, furgoneta edo autokarabana) aurreko uztailetik EBko araudiak (UNECE/R155 deiturikoa) ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela erakusteko balio du. Hau da, ea era egokian babesten duen bidaiarien pribatutasuna eta bizitza.

Egiaztatze-prozesu berri horretan, eginkizun nabarmena du ESTP teknologiak: Europcybcarrek –Gasteizen egoitza duen enpresa teknologikoa– sortutako sistema modular berritzailea da. Ibilgailuen zibersegurtasun mailaren analisi eta ebaluazio-prozesu estandarizatua, objektiboa eta automatizatua egitea ahalbidetzen du.

Aenorren egiaztagiriari eta Eurocybcarren aurretiko ebaluazio teknikoaren prozesuari esker, ibilgailu berri baten erosleak, hasteko, jakin ahal izango du Europako zibersegurtasun-araudia betetzen duen; eta bestalde, ibilgailuen artean zibersegurtasun-maila alderatu ahal izango du. Horrela, erosketa-erabakia zenbait irizpideren arabera egin ahal izango du: zeinek babesten duen hobeto bere bizitza edo zeinek eragozten duen bere datu pribatuak eskuratzea edo ibilgailua lapurtzea, besteak beste.

Egun, gure errepideetan dabiltzan ibilgailuak 120 km/orduko abiaduran mugitzen diren gurpil gaineko ordenagailu handiak dira, eta ibilgailuek berek edo haiekin interakzioa duen mugikortasun-sistemako edozein elementuk (beste ibilgailuak, mugikortasun-aplikazioak edo azpiegiturak, bidaiariak, erabiltzaileak IoT gailuak, etab.) sortutako datuak jaso, kudeatu, biltegiratu eta bidaltzen dituzte.

Konektagarritasun hori lortzeko, ibilgailu guztiek dituzte jada, gutxienez, Bluetooth, USB, Keyless, WiFi, eCall edota GPS. Baina teknologia horiek nahiko babesik ez badute, autoa lapurtu daiteke, birus batez infektatu, airbaga aktibatu, gidaria eta bidaiariak zelatatu, bertan biltegiratutako datuak eskuratu, motorra gelditu, ixte-sistema zentralizatua aktibatu edo desaktibatu eta ibilgailuak egunero egiten dituen ibilbideen jarraipena egin.

Are gehiago, ibilgailua ziberbabestua ez badago, mugikorraren bateria kargatzeko ibilgailuaren USB atakara konektatzea bezain operazio erraza nahikoa da erabiltzaileak berak ibilgailua martxan doala geldiarazi lezakeen birusa sar diezaion.

Uztailaren 6az geroztik, Europako ibilgailuen zibersegurtasun-araudiari esker, aurretik aipatu dugun guztia zailagoa da, Europako errepideetan dabiltzan auto, kamioi, autobus, furgoneta eta autokarabanek –homologazio berrikoak zein fabrikazio berrikoak izan– gidariaren eta bidaiarien pribatutasuna zein bizitza babesteko gutxieneko zibersegurtasun-neurri batzuk bete behar dituzte.

Metodologia berria

Ibilgailuak ebaluatzeko, Eurocybcarren ESTP metodologiak hiru proba mota egiten ditu: sarbide fisikoa, urrutiko sarbidea eta ibilgailuak dituen edo erabiltzaileak mugikorrean deskarga ditzakeen aplikazioak. Aplikazio horiek aukera ematen diote urrutitik zenbait funtziotarako sarbidea izateko: berogailua, kokapena edota ateak ireki eta ixtea.

Eurocybcarrek egindako zibersegurtasun-ebaluazio hori gainditu ostean, Aenorrek –erakunde egiaztatzaile moduan– bidaltzen du europar araudiak ezarritako zibersegurtasun-baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duen dagokion zibersegurtasun-egiaztagiria.  Egiaztagiri horretan, ibilgailuak eskuratu duen zibersegurtasun-maila adierazten da, eta hortaz, ea bitarteko eta kontrol eraginkorrak ezartzen dituen ibilgailuaren sistemen osotasunaren eta bidaiarien pribatutasuna eta bizitzaren aurkako ziberrerasoak gutxitzeko.

Aenorreko Marketin Estrategiko eta Negozio-garapeneko zuzendariak, Javier Mejíak, baieztatu duenez, “gure mendeko hiperkonexioak zibersegurtasuna gizarte osoak partekatzen duen kezka-iturri eta behar bihurtu da. Horregatik, Aenor eta Eurocybcarrek bat egin dute babesteko eta konfiantza sortzeko ibilgailuen fabrikatzaileei eragiten dien ziberdelinkuentziaren aurkako konpromisoaren inguruan”.

Bere aldetik, Eurocybcarren CEO eta sortzaileak, Azucena Hernández Palmerok, adierazi du “bi enpresentzat lehentasuna dela erabiltzaileek jakitea benetan beharrezko zibersegurtasun-baldintzak betetzen dituen ibilgailu batean bidaiatzen duten. Izan ere, haien pribatutasuna, eta batez ere, bizitza dago jokoan”.

Motor espainiar bat, 2022an egiaztagiria eskuratu zuen lehena

Eurocybcar eta Aenorren lankidetzari esker,  motor espainiar batek eskuratu zuen munduan lehenengo ‘UNECE/R155-ESTP Ibilgailuen Zibersegurtasuneko’ egiaztagira. Motozikleta elektriko batek eskuratu zuen: Nuuk CargoProk; eta Euskadi eta Espainia nazioarteko erreferente bihurtu zituen mugikortasunari aplikatutako zibersegurtasunaren arloan.

Nazioarteko mugarri horren ostean, Eurocybcarrek UNECE/R155 araudiaren aldaketa bultzatu zuen, hasieran kanpoan uzten baitzituen motozikletak. 2024ko irailean, UNECEk araudian motorrak, scooterrak eta 25km/orduko abiadura gainditzen duten bizikleta elektrikoak gehitzeko erabakia iragarri zuen, frogatu baitzen hasieratik araudian sartu ziren gainerako ibilgailuen konektagarritasun-maila bera zutela.