Lehendakariak demokrazia eta 2030 Agenda indartzeko konpromisoa berretsi du

0
PRUEBA

2030 Agenda Euskadi Foroak Osoko Bilkuraren zazpigarren bilera egin du gaur arratsaldean –XIII. Legegintzaldiko lehena–, Imanol Pradales Gil Lehendakaria buru duela, Arabako Teknologi Parkean, Miñaon. Foro hau Euskadiko 2030 Agendaren gobernantza partekatuko gune nagusia da, euskal erakundeak eta gizarte-eragileak biltzen baititu garapen jasangarriaren aldeko konpromiso bateratu batean.

Lehendakariaz gain, honako hauek organo honetan parte hartzen dute: Eusko Jaurlaritzako sailburu guztiak; hiru foru aldundiak; EUDEL; hiriburuetako udalak; hiru euskal unibertsitateetako errektoreak; Euskadiko hirugarren sektoreko erakundeen ordezkaritza bat Sareen Sarearen bidez; bai eta lankidetza publiko-pribatuaren ordezkariak ere, Basque Center for Climate Change (BC3); Basque Research and Technology Alliance Partzuergo Zientifiko-teknologikoa (BRTA); edo ACLIMA direlakoen bidez.

Zazpigarren Osoko Bilkura honetan Shipra Narang Suri, ONU-Hábitateko Hiri Praktiken Dibisioko zuzendaria eta Nazio Batuen Local 2030 Koalizioaren arduraduna; eta Sébastien Vauzelle, Local 2030 Koalizioaren Bilboko Idazkaritzako arduraduna izan dira. Lehendakariarekin bildu dira Foroaren bilera aurretik.

Oso Bilkurak hiru bloke nagusi izan ditu: (1) 2030 Agendaren 2024-2028 aldirako Plana formulatzeko prozesuaren hasiera; horren berritasun nagusia proiektu partekatuen ekimen bat abian jartzea dena, eta proiektu horien lehentasunezko eremuak demokrazia indartzea, lehiakortasun jasangarria eta klima-aldaketaren aurkako borroka izango direnak; (2) Shipra Narang Suri eta Sébastien Vauzellek egindako Local 2030 Idazkaritzaren Ekintza Planaren aurkezpena hurrengo hirurtekorako; eta (3) Kultura eta Hizkuntza Aniztasunari buruzko 18. GJHa lortzeko bidean aurrera egiteko ibilbide-orriaren aurkezpena.

Azken adierazpena

Bileraren amaieran, Lehendakariak 2030 Agenda Euskadi Foroaren Presidentziaren zazpigarren Adierazpena aurkeztu du, «2030 Agendaren esparruan demokrazia indartzea«.

Lehendakariak, hasteko, demokrazia indartzearen eta demokrazia hori 2030 Agendaren esparruan egungo erronketara egokitzearen garrantzia azpimarratu du. Izan ere, «mundu modernoa abiadura bizian aldatzen eta garatzen ari da, eta guztia global eta gero eta lotuagoa dagoenez, gure gizartearen arazoak geroz eta konplexuagoak, lausoagoak, zehaztugabekoak eta, kasu batzuetan, kontrajarriagoak bilakatzen ari dira. Funtsezkoa da ikuspegi holistiko eta bateratu batetik heltzea«.

Halaber, herritarren parte-hartze aktiboa sustatzeko beharra azpimarratu du: «Administrazio publikoek gizartearen inplikazioa behar dute. Herritarren parte-hartzea eta deliberazioa funtsezkoak izango dira gure gizartea garatzeko eta lankidetza-gobernantza oinarritutako kultura demokratiko irmoa sendotzeko«. Era berean, Europan demokraziak jasaten dituen mehatxuei buruz ohartarazi du, «laguntza sozial sendoa lortzen duten indar antidemokratikoek mehatxatzen dutelako. Korronte horien aurrean, konpromiso sendoa dugu Euskadin gure sistema demokratikoa indartzeko, sakontzeko eta hobetzeko».

Azkenik, demokraziaren oinarrizko balioak eta Eusko Jaurlaritzaren konpromiso etikoa azpimarratu ditu: «Demokrazian sinesten dugu, duintasuna, askatasuna eta berdintasuna bermatzen dituelako. Haren balioak –aniztasuna, tolerantzia eta errespetua– funtsezkoak dira bizikidetza eraikitzailerako eta giza aurrerabiderako. Horregatik, konpromisoa hartzen dugu gure sistema demokratikoa berritzeko eta etengabe hobetzeko, etikan eta osotasunean oinarritutako kultura sendotuz”.

Adierazpen honen bidez, Lehendakariak indartu egiten du Euskadik inklusio- eta lankidetza-eredu demokratiko batekin duen konpromisoa, erronka globaletara eta tokikoetara egokitzeko gai izango dena.