Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok, Amurrioko alkate Txerra Molinuevorekin batera, Arabako udalerri horretako Federico Barrenengoa kalean Visesa sozietate publikoa egiten ari den bi etxebizitza-sustapenen obrak bisitatu ditu astelehen honetan. Gobernu zentralaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez Next Generation EU funtsekin finantzatutako proiektuak dira eta 11,9 milioi euro inguruko kostua izan dute. Guztira 102 etxebizitza barne hartzen dituzte lau eraikinetan banatuta —denak araubide berezikoak edo sozialak (ES)—, eta alokairu babestura bideratu daude. Eusko Jaurlaritzak Euskadi osoan etxebizitza irisgarri eta jasangarriak sortzeko duen konpromisoa islatzen du operazio honek.
Ekitaldian izan dira, orobat, Estibaliz Sasiain Amurrioko lehenengo alkateordea, Laura Fernández bigarren alkateordea eta zinegotzia, David Romero zinegotzia, Carlos Quindós Visesako zuzendari nagusia eta proiektuaren beste ordezkari batzuk ere, eta bildutakoek bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte sustapenetako bateko bi etxebizitzen barrualdea eta bigarren sustapeneko obren aurrerapena. “Honelako ekimenak funtsezkoak dira baliabide gutxien dituzten familiek etxe duin bat izateko aukera izan dezaten, eta aukera-berdintasuna eta lurraldean errotzea sustatzen dute”, nabarmendu du sailburuak bisitaren ondoren. Itxasoren hitzetan, “sustapen hauek, Amurrioko etxebizitza sozialen eskaintza indartzeaz gainera, gure erkidegoaren garapen jasangarrian eta ongizatean ere laguntzen dute”. Arloaren arduradunak gaineratu duenez, 42 etxebizitza sozialak “uda baino lehen entregatuko zaizkie maizterrei”.
Bestalde, Amurrioko alkate Txerra Molinuevok bere esker ona adierazi du etxebizitza sozialen sustapen horiek abian jartzeagatik, eta erakundeen lankidetzaren garrantzia nabarmendu du. “Eskerrak eman nahi dizkiot Eusko Jaurlaritzari, eta bereziki Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari, gure udalerriarekiko konpromiso irmoagatik. Honelako proiektuak ez lirateke posible izango Amurriok etorkizun inklusibo eta jasangarriago baterantz aurrera egiten jarraituko duela bermatzeko haren ikuspegirik eta etengabeko babesik gabe”, adierazi du.
Molinuevok aitortu du, halaber, Next Generation funtsek, eta Visesak eta eraikuntza-enpresek ekimen hau gauzatzeko egindako lanak berebiziko garrantzia dutela. “Europako baliabide hauek gure udalerrira iritsi izanak erakusten duenez, taldean lan egiten denean emaitzek zuzenean egiten diete mesede pertsonei. Elkarrekin lor dezakegunaren adibide garbia dira 102 etxebizitza sozial hauek”.
42 etxebizitza sozialen sustapena
Sustapen hau egikaritzen den partzela urbanizazio berriko eremu batean dago, bi bideren eta 40 metro inguruko kanpo-diametroko biribilgune baten artean, eta biribilgune horren inguruan arkupedun plaza zirkular handi bat konfiguratzen da. Hirigintza-gaiei erantzuteko, eraikin lineal bat proposatu da, sotoa, beheko solairua, goiko 3 solairu eta atikoko solairua izango dituena. Eraikina 2 pastillatan antolatuta dago erdiko bi patioren inguruan, eta, horrela, orientazio bikoitza ematen zaie sustapeneko etxebizitza guztiei. Multzoak 42 etxebizitza ditu, dagozkien trasteleku eta aparkaleku-plazarekin, Federico Barrenengoa kaleko 19, 21 eta 23 zenbakietan. 42 etxebizitzetatik 41 2 logelakoak dira (haietako bi mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta daude), eta gainerakoak 3 logela ditu. Etxebizitza guztiek terraza dute. Etxebizitzak hiru eskailera-guneren inguruan banatuta daude, eta horietako bakoitzak igogailu bat eta atari independente bat ditu.
Visesaren sustapenen ezaugarri orokorrekin bat etorriz, proiektatutako instalazioek % 100eko eredu elektrikoari erantzuten diote. Horrek bermatzen du energia berriztagarria estalkian kokatutako instalazio fotovoltaiko baten bidez estaliko dela, ur bero sanitarioaren (UBSaren) energia-eskaera sortzea justifikatzen duen instalazioaren bidez. Soluzio horren bidez, bermatu egiten da etxeko ur bero sanitarioaren sorkuntza etxebizitza bakoitzerako indibiduala dela termo elektrikoen bidez. Termo horiek erabiltzaileen erabilera errazten dute, eta etxebizitzen kudeaketaz arduratzen den Alokabideri mantentze-lanak sinplifikatzen dizkiote.
Egokitzapen termikoko energia-sistemei dagokienez, eta kontuan hartuta ezarritako energia-efizientziako neurri pasiboen ondorioz etxebizitza bakoitzak dituen karga termiko txikiak, erabaki da emisore elektrikoak instalatzea etxebizitzen berokuntzarako. Sistema hori beroa berreskuratzen duen aireztapen-instalazioarekin osatzen da etxebizitza bakoitzean. Instalazioa, aldi berean, estalkian kokatutako efizientzia handiko bero-berreskuragailuak dituen sistema kolektibo batekin konektatuta dago. Horri guztiari esker, eraikinak A kalifikazio energetikoa du (emisioak, energia primario berriztaezinaren kontsumoa eta eskaria).
Obra amaitzear duen sustapen honetan, 6.863.860,61 euroko inbertsioa egin da guztira. Horietatik 1.844.909,99 euro Next funtsek jarri dituzte (% 26,88), eta 5.018.950,62 euro Visesak (% 73,12). Obraren kontrata bidezko egikaritze-aurrekontua 4.401.601 eurokoa izan da. Urbelan SA enpresa arduratu da eraikuntzaz, eta proiektua, berriz, I2G Apraiz-Marchal-Barberena Arquitectos SLP enpresak idatzi du. Era berean, Udalak konpromisoa hartu du obra-lizentzia ematearen ondoriozko tasen % 100 hobaritzeko, eta % 4,5eko tasa arrunta aplikatzearen ondoriozko eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren kuotak ez du inolako hobaririk jasoko.
60 etxebizitza sozialen sustapena
Sustapen hau dagoen partzelak 4.907 m²-ko azalera du, eta eraikinak landa-eremuaren eta Amurrioren dentsitate txikiko garapenaren artean mugatutako hiri-esparru batean daude. Kasu honetan, etxebizitzen multzoa hiru bloke angeluzuzenetan banatzen da (41, 43 eta 45 zenbakiak), eta horiek partzelaren iparraldeko mugarantz kokatzen dira, hirigunerantz espazio bat askatuta. Proiektu honek gela bateko 12 etxebizitza, bi gelako 39 etxebizitza (horietatik 3 mugikortasun urriko pertsonentzat dira) eta 3 gelako 9 etxebizitza izango ditu.
Bestalde, partzelaren hego-ekialdeko izkinatik ibilgailuentzako sarbide bakarra duten hiru blokeetarako garaje komun bat planteatu da, eta, lursailera hobeto egokitzeko, erdisotoa % 4ko malda txiki batekin definitu da. Aparkalekua irekia da, estalkirik gabea. Horrek etxebizitzetatik ikusizko kontrola ahalbidetzen du, eta espazioaren segurtasuna handitzen du genero-hirigintzaren kontzeptutik. Solairu horretan daude, halaber, atariak, zerbitzu-lokalak eta bizikleta-gelak.
42 etxebizitza sozialekin gertatzen den bezala, Visesaren sustapenen ezaugarri orokorrekin bat etorriz, proiektatutako instalazioek % 100eko eredu elektrikoari erantzuten diote. Horrek bermatzen du energia berriztagarria estalkian kokatutako instalazio fotovoltaiko baten bidez estaliko dela, ur bero sanitarioaren (UBSaren) energia-eskaera sortzea justifikatzen duen instalazioaren bidez. Egokitzapen termikoko energia-sistemei dagokienez, hemen ere erabaki da emisore elektrikoak instalatzea etxebizitzen berokuntzarako. Eraikinak A kalifikazio energetikoa du.
2025eko amaiera alderako amaitzea aurreikusita dagoen sustapen honetan, 10.259.432,54 euroko inbertsioa egin da guztira. Horietatik 2.727.971,99 euro Next funtsek jarri dituzte (% 26,50), eta 7.531.460,55 euro Visesak (% 73,41). Obraren kontrata bidezko egikaritze-aurrekontua 7.463.610 eurokoa izan da. Urbelan SA enpresa arduratu da eraikuntzaz, eta proiektua, berriz, Cooperactiva Arquitectos-ek idatzi du. Gainera, Amurrioko Udalak konpromisoa hartu du obra-lizentzia ematearen ondoriozko tasen % 100 hobaritzeko, eta % 4,5eko tasa arrunta aplikatzearen ondoriozko eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren kuotak ez du inolako hobaririk jasoko.
Azken batean, eraikuntza hauek etxebizitza publikoa sustatzeko estrategiaren parte dira. Estrategia hori funtsezko zutabea da Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren gizarte- eta lurralde-kohesiorako politiketan. Izan ere, jarduketa hauen bidez, Sailak berretsi egiten du Euskadin etxebizitza-parke publikoa handitzeko duen konpromisoa, kalitatezko etxeak eraikitzea sustatuta eta gehien behar dutenen bizitza hobetuta.