Mugikortasun Jasangarriaren Sailak protokolo bat sinatu du Espainiako Gobernuarekin eta Irungo Udalarekin, Euskal Trenbide Sarearen bideak ADIFen bideetan integratzeko

0

Euskotrenen Topoa igarotzen den trenbidea ADIFen trenbideetara hurbiltzeak geltoki berri bat eraikitzea, Belaskoenekoa eraberritzea eta Irungo Kolon pasealekukoa berreraikitzea ekarriko du

Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecak, Estatuko idazkari José Antonio Santanok, Irungo Udaleko alkate Cristina Labordak eta ADIFeko presidente Pedro Marcok erakunde arteko protokolo bat sinatu dute astelehen honetan, Euskotrenen unitateak Irundik igarotzen diren Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bideen trazadura ADIFen trenbide-hondartzan integratzeko.

Akordioaren helburua da Irunen trenbide-espazioa eraldatuz eta hirian integratuz osatuko diren proiektuak koordinatzea. Hiri-integraziorako eta -berroneratzeko erakundeek berretsitako aurreko hitzarmenei gehituko zaie protokoloa. Hitzarmen horien artean dago, besteak beste, Irungo geltoki berria –gaur bertan bisitatu dituzte haren obrak, Gipuzkoako Mugikortasunaren diputatu Azahara Dominguezekin batera- eta hiri-pasabidea egiteko akordioaren sinadura. Pasabide horren bidez Euskotrenekin intermodalitatea erraztuko da, eta azpiegitura berria hiriaren gainerako espazioekin lotuko du.

Akordio berriak ETS (Euskal Trenbide Sarea), ADIF eta Irungo Udalaren arteko lankidetzarako oinarriak ezartzen ditu. Aldaketen ondorioz, geltoki berri bat eraikiko da nazioarteko geltoki berriaren ondoan, Belaskoeneako geltokia birmoldatuko da eta, Irungo Kolon pasealekuko geltokitik hurbil dagoen espazio batean, geltoki berria berreraikiko da. Geltoki zaharra trazadura berritik kanpo geratuko da.

Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecak, Irungoa bezalako trenbide-jarduera bat gauzatzeko, erakundeen arteko koordinazioa goraipatu du, eta herritarrentzat izango dituen onurak nabarmendu ditu, lurzoru berriak libre geratuko baitira herritar horiek erabiltzeko eta gozatzeko. García Chuecak azpimarratu duenez, “ez ditugu soilik trenbide azpiegiturak ordenatzen, baizik eta trenbide-orbaina kentzen ditugu”.

Ildo horretan, ETSk Donostia-Hendaia lineako (zabalera metrikokoa) Bentak-Ficoba tartea eraikitzeko azterketak eta proiektuak idatziko ditu, trazadura berria egiteko beharrezkoak baitira. Halaber, ADIFekin zehaztu beharko du jarduketa horien plangintza, Irungo geltoki berriaren obrekin, etorkizuneko hiri-pasabidearekin eta Kolon pasealekuaren eta Txanaleta plazaren egitura berriarekin bateragarriak izan daitezen. Gainera, trenbide-lurzoruaren liberalizazioa finkatuko du Udalarekin.

Bestalde, ADIFek Irungo geltokiko trenbide-hondartza aldatzeko proiektuak idatziko ditu, ETSren zabalera metrikoko trenbideak Kolon pasealekuaren egituraren azpitik igaro ahal izateko. Halaber, euskarri-egitura eraisteari eta berreraikitzeari dagozkion proiektuak idatzi eta onartuko ditu, eta, hala badagokio, Kolon pasealekua eta Txanaleta plaza berritzeari dagozkionak, Irungo Udalarekin koordinatuta.

ADIFen beste konpromiso bat da zabalera metrikoko Donostia-Hendaia lineako Bentak-Ficoba informazio Azterketaren barruan zehaztutako trazadura egikaritzeko behar diren lurrak lagatzea Eusko Jaurlaritzari.

Irungo Udalak, ETSrekin batera, beharrezkoak diren plangintza-aldaketak idatzi eta onartuko ditu, eta ADIF eta ETSrekin batera, planifikatutakoaren urbanizazioari buruzko guztia zehaztuko du, akordioan jasotako trenbide-azpiegitura berriak egiteko behar diren lurrak lagatzeaz gain.

Protokoloari forma emateko, hainbat lantalde eta jarraipen-batzorde bat eratuko dira, eta, bertan, egutegia eta garatu beharreko jarduketen lehentasunak landuko dira.