Eusko Jaurlaritzak 8 milioi euro onartu ditu gaur Gobernu Kontseiluan, euskal familien eskola-garraioaren gastuak ordaintzeko.
Maria Ubarretxena, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du Kontseiluak bi laguntza mota onartu dituela. Alde batetik, banakako laguntzak ikastetxe publikoetan ikasten duten eta Sailak antolatutako ibilbideetara egokitu ezin diren ikasleentzat, eta beste aldetik, eskolatze-batzordeak hala erabakita edo ikasleen eragin-eremuan ikastetxe publikorik ez dagoelako, salbuespenez, ikastetxe pribatuetan eskolatutako ikasleentzako laguntzak.
Euskararen Nazioarteko Eguna
Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta, arratsaldean, Lehendakaria buru izango duen ekitaldi ofiziala egingo dela adierazi du Ubarretxenak eta “Bat, bi…ehun. Euskararen geroa ehunduz” leloa duen manifestuari erreferentzia eginez, azpimarra du Euskararen ehuntze ariketa guztion ardura dela, erakunde publikoona eta gizarte eragileona.
Udalerrientzako irtenbide teknologikoak
Jaurlaritzak EUDELekin sinatua duen hitzarmena berritzea onartu da. Hitzarmen honen baitan, toki-erakundeek, doan, beren eraginkortasuna hobetzeko irtenbide teknologikoak eskuratu ahal izango dituzte.
Hitzarmen honi atxikitzen zaizkion udalerriek aukera izango dute 1.000 gailurainoko sentsoreak doan instalatzeko, udal-kudeaketa modernizatzeko aukera emango duten datuak biltzeko eta erabiltzeko.
Sentsore horiek, adibidez, trafikoari, edukiontzien erabilerari edo aparkalekuen erabilerari buruzko informazioa erregistratu ahal izango dute. Eusko Jaurlaritzak 300.000 euro jarriko ditu horrelako ekimenak ordaintzeko.
Hortaz, hitzarmen horri esker, toki-administrazioek Eusko Jaurlaritzaren telekomunikazio-azpiegiturak erabili ahal izango dituzte, Itelazpi erakundeak kudeatuta.
Maria Ubarretxeak adierazi duenez, partzuergoen kasuan, Itelazpirekin lankidetzan aritzeak, aukera eman die uraren zikloa digitalizatzeko eta telelektore sistemak ezartzeko eta horiek erraztu egin dute fakturazioa, ihesen kontrola edo ur-eskaria.
Itelazpi Euskadiko telekomunikazio-azpiegitura publikoak kudeatzen dituen euskal enpresa publikoa da.
Kultura sustatzeko laguntzak
Gobernu Kontseiluak arte eszenikoak eta kultura-sormena sustatzeko bi laguntza-programa ere onartu ditu gaurkoan, 1.330.000 euroko aurrekontuarekin.
Gobernuko bozeramaileak azaldu duenez, 825.000 euro bideratuko dira 2025ean arte eszenikoen (antzerkia, dantza eta zirkua) prestakuntza-, sustapen- edo erakusketa-programak eta -jarduerak laguntzera.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, halaber, beste 500.000 euro jarriko ditu kultura-sorkuntzaren esparruan, honako eremu hauetako jarduerak laguntzeko:
- Antzerki-testu originalak sortzea
- Gidoi zinematografikoak sortzea
- Musika-konposizioak
- Gazteei zuzendutako euskarazko literatura-testuak
- Koreografiak
Ingurumen Zientzietako Elkargo profesionala sortzeko Lege-proiektua
Gobernu Kontseiluak Euskadiko Ingurumen Zientzietako Tituludunen Elkargo Profesionala sortzeko Lege-aurreproiektua ere onartu du gaur.
Jaurlaritzaren bozeramailearen hitzetan, elkargoa sortzeak balioko du ingurumen-zientzietako tituludun profesionalen jardunean kalitate eta zorroztasuna bermatzeko.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak, Asociación de Ambientólogos IZE-Euskadi Elkarteak eskatuta garatu du lege-aurreproiektua eta orain Legebiltzarrera bidaliko da, bertan onartuta izan dadin.
514 milioi euro Urteko Kontratazio Planerako
Ogasun sailburuak Euskadiko Administrazio Orokorraren 2025erako Urteko Kontratazio Planaren berri eman du gaurko Gobernu Kontseiluan. 223 kontratu aurreikusi dira, 514 milioi euroko aurrekontuarekin.
Plan honetan, erregulazio harmonizatuaren eta Europar Batasunak ezarritako arau eta prozedura jakin batzuk betetzearen mende dauden kontratuak jasotzen dira.
400 mila euro Euskal Fondoari eta ACNURi
Amaitzeko, bozeramaileak, Euskal Fondoaren 340.000 euroko dirulaguntzaren berri eman du. Laguntza honen helburua da uraren eta saneamenduaren arloko garapenerako urteko plana finantzatzea.
Diru hori El Salvadorreko zenbait udalerritan edateko uraren hornidura-eredu iraunkor bat ezartzeko inbertituko da.
Halaber, argi berdea eman zaio ACNURi 50.000 euroko zuzeneko dirulaguntza emateari, Ukrainako gatazkaren ondorioz errefuxiatu gisa lekualdatuta dauden herritarrei babesa eta larrialdiko laguntza emateko.
Gai zerrenda