Arania enpresa bizkaitarra liderra da Europa hegoaldean karbono altu eta baxuko zehaztasun hotzean ijeztatutako altzairuaren sektorean, baita muga elastiko handiko altzairu aleatuan eta mikroaleatuan ere. Emakume eta gizonen ordezkaritza ia parekidea du sailik teknikoenetan. “Pluraltasunak edozein talde eta proiektu aberasten du. Ikuspegiak zabaltzen ditu, eta joerak ezabatu. Berdintasunaren aldeko hauturik egingo ez bagenu, ez ginateke hain lehiakorrak izango”, ziurtatzen du Juan Ramis zuzendari nagusiak.
SPRI taldeak 2023an egindako Emakumeen inpaktua industria-lehiakortasunean azterketan parte hartu zuten enpresetako bat da, eta emaitza onenetakoak izan zituen berdintasun zein lehiakortasun-adierazlean.
Araniaren Zuzendaritza Batzordean % 30 emakumezkoak dira, eta orain dela 10 urte % 10 ziren. “Oraindik urrun gaude parekidetasunetik, baina uste dugu datu interesgarria dela, Batzordean ez baita jendea egunero sartzen. Denboraldi horretan bertan (10 urte), 50 – 50 sartu da jendea”. Bestetik, azpimarratzea gustatzen zaie, eta enpresak berdintasun-arloan izandako bilakaera erakusten du zuzendaritza-taldean 50 urtetik gorakoen artean bost gizon eta emakume bat daudela; aldiz, 50 urtetik beherakoen artean bi emakume eta bi gizon.
Araniak argi eta garbi identifikatzen du Berdintasun Batzordearen sorrera enpresa osoarentzako iratzartze gisa. Lehen ekintza moduan, enpresaren ordezkariek zein langileek sentsibilizazio-prestakuntza baten alde egin zuten, eta horrek aukera eman zien hobekuntza-beharrak eta diskriminazio-egoera inkontzienteak hautemateko. “Prozesuak begiak ireki zizkigun, eta harridura egon zen, baina ez eztabaida”, dio Leire Barayazarrak, Kudeaketa Sistemen zuzendariak.
Berdintasun Batzordearen sorreraren eta Berdintasun Plana egitearen harira, helburuak eta jardunbide-plana jaso dira. Bertan, besteak beste, berdintasun arloko prestakuntza funtsezkoa da, batik bat ekoizpen-lantegia moduko sail tradizionalenetan.
Industria-sektoreko langileen % 19 dira batez beste emakumezkoak; aldiz, Aranian, % 15ekoa da datu hori (% 29 talde osoan). Zifra hori ekoizpen-lantegian emakumeek duten presentzia txikiak jaisten du, langileen % 1 soilik baita. Hori da enpresak egun duen erronka handietako bat.
Emakumeak ekoizpen-lantegian sartzeko zailtasunaren jakitun, proiektu bat sustatu dute industria-makineriaren ergonomia hobetzeko. Ekimen horren helburua da edonork erabili ahal izatea, adina, generoa edo indarra gorabehera. Era horretara, industria eta indarraren arteko lotura desagertzen lagundu nahi dute, baita emakumeentzat industria-sektorean sartzeko eragozpenik handienetakoa kentzen ere.
Enpresako beste sailetan emakumearen presentzia handitzeko, parekidetasunaren eta pluraltasunaren aldeko hautu garbia egin dute. Sail guztietan genero-ordezkaritza orekatua izan dadin saiatzen dira. “Maskulinizatuta dagoen sail bateko hautaketa-prozesuan balioesten den irizpidea da hautatutako pertsona emakumezkoa izatea; eta alderantziz feminizatuta dauden sailetan. Lehen balioesten ez genuen osagai bat gehiago da”, aipatu du Leire Barayazarrak.
Bestalde, uste dute haien lana Arania moduko lantegi bat erakargarri egitea dela. Horretarako, hainbat estrategia lantzen dituzte, esaterako: kontziliazio-neurriak eguneratu, komunikazioan hizkera inklusiboa txertatu, eta webgunean eta sare sozialetan enpresaren pluraltasuna erakusten duten irudiak gehitu, errealitatea hobeto erakusteko. Era berean, ohartzen dira emakume erreferenteak izan eta ikastetxeetara gerturatzearen garrantziaz. Hori horrela, INDUSTRIA ERRONKA ekimenean parte hartzen dute, eta horrela, industria neska gazteagoei gerturatzeko aukera dute, eta halaber, enpresako emakumeak ikusgarri egiten saiatzen dira.