Ur eta saneamendu arloko garapenerako lankidetzako programaren hirugarren edizioa babestuko du
Lankidetzako euskal erakunde publikoek eta El Salvador, Costa Rica eta Euskadiko ur erakundeek osatzen dute
Gobernu Kontseiluak 340.579,37 euroko dirulaguntza onartu du Euskal Fondoa-Lankidetzarako Euskal Toki-erakundeen elkartearentzat. eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak finantzatuko du AKUAL ur eta saneamendu arloko Amerika Erdiko eta Euskadiko erakundeen arteko lankidetza programaren 2024-2025 urteko plana.
AKUAL urarako eta saneamenturako giza eskubidea sustatzen laguntzen du, eta genero ekitatea aintzat hartzen du arlo guztiekin. Hala, Programaren hirugarren edizioan (2024-2027), bost ildo nagusi landuko dira. Horietatik lehena, El Salvadorreko hiru udalerritan edateko uraren hornidudarako eredu jasangarri bat ezartzen lagunduko du, aurreko bi edizioetan bezala. Helburua da herritarren bizi-baldintzak eta aukera sozial eta ekonomikoak hobetzea; bereziki, emakumeenak eta talde kalbebereena.
Bestalde, El Salvadorreko Akueduktu eta Estolderia Administrazioa (ANDA) eta Costa Ricako Akueduktu eta Estolderia Institutua (AyA) erakundeek eskaintzen dituzten ur eta saneamendu zerbitzuen plangintza eta kudeaketarako Euskaditik laguntza teknikoa eta ekipamentua eskaintzen jarraituko da. Era berean, Erdialdeko Amerikako eta Dominikar Errepublikako Edateko Uraren eta Saneamenduaren Foroa osatzen duten zazpi herrialderen gaitasunak sendotuko dira, batez ere, genero ikuspegiari eta agenda teknikoari dagokionez.
Azkenik, AKUAL programaren genero-ikuspegia txeratzeko gaitasunak eta tresnak indartu eta sentsibilizazio eta herritarrei informatzeko ekimenak sustatuko dira.
Urarako giza eskubidea
Ekimena 2018an hasi zen bi arlo nagusietan; alde batetik, azpiegiturak eraikitzen, El Salvadorreko hainbat udalerrietan edateko uraren sarbidea hobetzen da, eta, bestetik, ANDAren eta AyAren kudeaketa teknikoa, operatiboa eta administratiboa indartzea da. Alderdi hori El Salvador, Costa Rica eta Euskadiko ur-operadoreetako langileen artean esperientzia teknikoak trukatuz egiten da.
AKUAL erreferentea da Iparreko eta Hegoko erakundeen arteko truke teknikoan, euskal eragileek uraren kudeaketan eskain ditzaketen gaitasun teknikoak Erdialdeko Amerikako eragileen esperientziekin lotzen baitu.
Programan parte hartzen dute hona erakunde hauek: eLankidetza- Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak; Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiek; Bilboko eta Gasteizko Udalek; Euskal Fondoak; URA-Uraren Euskal Agentziak; AMVISA –Gasteizko Udal Urak; Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak; Gipuzkoako Urak; ANDA – El Salvadorreko Akueduktu eta Estolderia Administrazio Nazionalak; AyA – Costa Ricako akueduktu eta estolderia Institutuak, eta SABES – Oinarrizko Saneamendua, Osasun Hezkuntza eta Energia Alternatiboan Elkarteak.