Eusko Jaurlaritzak eta hiru lurralde historikoetako foru-aldundiek familia erreferenterik gabeko adingabeen banaketa orekatua eskatu dute autonomia-erkidegoen artean gaur Haurren eta Nerabeen Konferentzia Sektorialean, hauei arreta hobea eskaintzeko aukera izateko, babesik gabeko kolektiboa baitira.
Kanarien, Ceutaren eta Melillaren atzetik, Euskadi da familia erreferenterik gabeko adingabeen kopuru handiena hartzen duen Estatuko laugarren autonomia-erkidegoa, baita Madrilgo eta Kataluniako autonomia-erkidegoek baino proportzio handiagoan ere. Eusko Jaurlaritzaren eta haurren babesaren arloan eskumenak dituzten hiru foru-aldundien jarrera bat bera da. Euskadiko erakundeak migrazio-fenomenoaren beharrei alde guztien, Espainiako Gobernua bera barne, erantzunkidetasunetik abiatuta erantzutearen alde agertu dira.
Euskadi “iparraldeko mugatzat” hartzea eskatu dute. “Hegoaldeko mugan” Kanariar Uharteekin, Ceutarekin eta Melillarekin gertatzen den bezala, Euskadi Europarako igarobidea da, eta bere egoera, beraz, ez da beste autonomia-erkidego batzuen berdina. Euskadiko erakundeek eskatzen duten bezala, “Iparraldeko muga” gisa hartzearekin batera, Euskadiko baliabideetara zuzendutako diru-zuzkidura handiagoa beharko litzateke igarobidean dauden pertsonak kalitatez artatzeko. Are gehiago joan den azaroaren 1etik, Frantziako Estatuak Espainia eta Frantzia arteko muga itxi zuzenetik, pertsonak zirkulazio eta igarobide segururako eskubiderik gabe utzi baitzituen.
Gaur egin den bileran, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak berriz adierazi du migrazioaren fenomenoa, baita adingabeena ere, “errealitate estrukturala” dela, ez koiunturala, eta kontingentzia-plan estruktural eta erantzunkidea planifikatzea eta artikulatzea eskatzen duela, beraz. “Utz diezaiogun diskurtso solidarioa egiteari, eta autonomia erkidego guztiak has gaitzen erantzunkidetasuna gauzatzen krisi humanitario horri aurre egiteko”, azpimarratu du.
Joan den uztailean, azken Konferentzia Sektoriala egin zenean, Eusko Jaurlaritza jada kezkatuta irten zen. Euskadik egiturazko neurriak aldarrikatu zituen, eta Kontingentzia Plan bat artikulatu behar zela eskatu zuen, plangintza bat, hainbat agertokiren aurreikuspena, plan horren etengabeko ebaluazioa eta hobekuntza ahalbidetuko zuten adierazleak eta memoria ekonomiko bat barne hartuko zituena.
Ekonomiaren eta lanaren ikuspegitik, euskal erakundeek uste dute beharrezkoa dela atzerritarrei hasierako lan-baimenak emateko eskumenaren transferentzia.
Gainera, beharrezkoa da enpresa- eta hezkuntza-elkarteak (LH) eta lankidetza-agentziak (kanpo-harremanak) identifikatzea eta horiekin lan egitea familia-erreferenterik ez duten gazteen jatorriko herrialdeetan. “Jatorrian ibilbideak eta trebakuntza sortu behar dira etorkizunean lan-munduratze duina bermatzeko win-win logika baten barruan”.
Era berean, Euskadiren ustez, Estatuko Administrazio Orokorrak sakontasunez ezagutu behar ditu fluxu errealak eta horiek azaltzen dituzten faktoreak, eta horietan modu planifikatuan, harrerarekin eta gizarteratze-prozesuekin zerikusia zuten eskumenak dituztenekin koordinatuta eta lankidetzan, esku hartu behar du.
Beharrezkoa da, gainera, informazio- eta koordinazio-kanalak eta protokoloak ezartzea Fiskaltzarekin, familia-erreferenterik ez duten pertsonen identifikazioa arintzeko eta, era horretara, adingabeak diren ala ez jakiteko.