Euskal kooperatibismoak munduko lidergoa berretsi du Indian egindako Kooperatiba Konferentzia Globalean

0
PRUEBA

Gizarte ekonomiaren abangoardiako hubak Donostian izango du egoitza eta Kooperatiben Nazioarteko Urtearen inaugurazioa urtarrilaren 16an izango da Miramar jauregian

Euskal kooperatibismoak mundu mailan duen lidergoa berretsi du Indian egindako Kooperatiba Konferentzia Globalean. “Euskal kooperatibismoaren benetako garrantzia ulertzen da hainbat herrialdetako ordezkariek mundu mailako erreferentetzat hartzen gaituztela baieztatzen denean”, ziurtatu du Jokin Diaz Gizarte Ekonomiako zuzendariak, New Delhitik itzuli ostean.

Nazioarteko Kooperatiben Aliantzak antolatu du hitzordua, eta bultzada berri bat eman dio Euskadiko gizarte ekonomiako empresa sareari. Eta 2025a bide horretan aurrera egiteko aukera berri bat izango da. Abangoardiako hubak, gizarte ekonomia sustatzeko eta bultzatzeko sortutako proiektu estrategikoak, Donostian izango du egoitza, eta sektoreari lotutako mundu osoko pertsona nabarmenez osatutako nazioarteko aholku batzorde bat izango du.

Era berean, urtarrilaren 16an, Kooperatiben Nazioarteko Urtea inauguratuko da Miramar jauregian, Nazio Batuek ofizialki deklaratutako aintzatespen urtea, Garapen Jasangarriko Helburuak eta Agenda 2030 betetzeko egindako ekarpenengatik.

Bi mugarri horiek, Diazek adierazi duenez, Euskadik mugimendu kooperatibo indartsuan “lurralde oparo” gisa duen “paper nabarmenaren” isla dira. “Kooperatibismoa aurrerapenerako eta gizarte kohesiorako eredu bat da, tradizioan oinarritua, orainaldi hedakorrarekin eta etorkizun oparoarekin”, gaineratu du.

Bilera emankorrak

Nazio Batuen Erakundeko eta Lanaren Nazioarteko Erakundeko ordezkariekin bildu da Indiara joan den euskal ordezkaritza, baita Argentina, Mexiko, Italia, Korea, Estatu Batuak edo Kanadako erakundeekin ere.

Aldi berean, Indian Farmers Fertiliser Cooperative bisitatu du, munduko kooperatiba handienetako bat, 35.000 kooperatibaz osatua, 50 milioi nekazari barne hartzen dituena. Alpha Maier proiektua ere ezagutu dute, Mondragon Taldeko kide eta Konfekoopeko Kontseilu Errektoreko kide den Maier kooperatiba bizkaitarraren empresa lankidetza.