Gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean, Euskararen Etxea Europako Kontseiluaren 2025eko Museoen Sariaren irabazle aukeratu du Europako Kontseiluko Parlamentu Biltzarreko Kultura Batzordeak (APCE).
Antolatzaileek sari hau ematerakoan adierazi duten bezala, «Euskararen Etxea hizkuntza bat zaintzeko erronka erakusten duen museo txiki bat da. Bisitariek euskara entzun eta euskaraz irakurri eta abestu dezakete. Erakusketa lau hizkuntzatan aurkezten da (euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa), eta, horri esker, bisitariek Europako hizkuntza horien arteko antzekotasunak eta eraginak arakatu ahal dituzte».
Konstantinos Efstathiou (Zipre, SOC) Museoen Sariaren batzordeko ordezkariaren arabera: «Euskararen Etxea oinarrizko ekimen bat da, belaunaldien arteko jarduerak biltzen dituena, euskararen transmisioa eta erabilera sustatzeko. ‘Museo txiki handi’ bat da, soilik hiru langile iraunkorrekin hainbat jarduera kudeatzen duena eta bazkideen sare bat ere baduena».
Europako Kontseiluaren Museoen Saria urtero banatzen da, 1977az geroztik, eta Europako kultura-ondarea ulertzen, giza eskubideen eta demokraziaren errespetua sustatzen, kultura-zubiak sortzen, muga sozial eta politikoak gainditzen, bisitariek gizarte-arazo garaikideei buruz dituzten ezagutzak eta ulermena handitzen eta herritartasun demokratikoaren ideiak esploratzen nabarmen lagundu duen museo bat saritzea du helburu.
Saria Europako Urteko Museoaren Sarien parte da. Sariaren azken irabazleen artean hauek daude: Sybir Oroitzapenezko Museoa (Bialystok, Polonia, 2024), Langileen Museoa (Kopenhage, Danimarka, 2023) eta Nano Nagle Place (Cork, Irlanda, 2022).
Beste kategorietako 2025eko irabazleak EMYA2025 sariak banatzeko Urteko Konferentzia eta Zeremonian iragarriko dira. 2025ean Bialystok egingo da, Polonian, maiatzaren 21etik 25era bitartean.