Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legeari jarraikiz, Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 2025erako Urteko Kontratazio Planaren berri eman du gaur. Plan horrek 235 kontratuko kontratazio publikoa aurreikusten du, 514 milioi euroko balio zenbatetsiarekin.
Plan horrek Eusko Jaurlaritzako sailek kontratazio publikoaren arloan datorren urterako aurreikusten duten programazioa jasotzen du, eta erregulazio harmonizatuaren mende geratuko diren kontratuen berri ematen du.
Urteko Plan hori honela banakatzen da sailez sail:
Saila | Kontratu kop. | Balio zenbatetsia |
Lehendakaritza | 3 | 1.786.446 |
Kultura | 53 | 5.682.982 |
Ekonomia, Lana eta Enplegua | 13 | 1.350.186 |
Ogasuna eta Finantzak | 5 | 1.492.122 |
Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernua | 15 | 75.424.964 |
Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna | 34 | 10.683.737 |
Segurtasuna | 25 | 86.833.023 |
Hezkuntza | 14 | 39.710.609 |
Etxebizitza eta Hiri Agenda | 6 | 1.205.815 |
Osasuna | 15 | 192.648.616 |
Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoa | 7 | 11.031.929 |
Mugikortasun Jasangarria | 1 | 690.000 |
Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa | 1 | 466.650 |
Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza | 22 | 37.850.414 |
Justizia eta Giza Eskubideak | 21 | 47.789.516 |
GUZTIRA | 235 | 514.647.009 |
Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legeak adierazten du sektore publikoko erakundeek kontratazio publikoko jarduera programatzeko betebeharra dutela. Erakunde horiek aurrekontu-ekitaldi batean edo urte anitzeko aldietan garatuko dute kontratazio publikoaren jarduera, eta beren kontratazio-plana aldez aurretik jakinaraziko dute, gutxienez erregulazio harmonizatuaren mende geratuko diren kontratuak bilduko dituen iragarki baten bidez.
Aurreikuspen hori betetze aldera eta, horrela, 2025eko ekitaldian zehar garatuko den kontratazio publikoko jarduera programatze aldera, 2025eko aurrekonturako arau teknikoek aurreikusi zuten Administrazio Orokorraren sail bakoitzak dagokion txantiloia bete behar zuela.
Aurrekoa kontuan izanik, sailek emandako fitxa guztiak bildu ondoren, eta kontratazioaren arloan eskumena duen Ogasun eta Finantzetako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseilura eraman da Urteko Kontratazio Plan hau, jakinaren gainean egon dadin.
Hori esanda, argitu behar da Urteko Kontratazio Plan horretan jasotzen diren 235 kontratuak ez direla Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak 2025ean gauzatuko dituen bakarrak, baina bai jada aurreikusita daudenak.
Honako alderdi hauek adieraziko dira:
- Xedea edo deskribapen laburra
- Kontratu mota
- Kontratuaren balio zenbatetsia
- Non egikarituko den
- Lizitazio-iragarkia zer datatan bidaltzea aurreikusten den
- Informazio osagarria
235 kontratu horiez gain, 2025ean sail bakoitzaren kudeaketaren beraren ondoriozko kontratu gehiago egingo dira. Gaur Gobernu Kontseiluari helarazitako zerrenda horretan, lizitatzea aurreikusita dauden eta Legeak eskatzen dituen kontratu harmonizatuak jasotzen dira, jakinik erregulazio harmonizatuaren mende dauden kontratuak kontratazio publikoari buruzko Europako zuzentarauen mende daudela, balio ekonomikoaren atalase jakin batzuk gainditzen dituzten heinean.