Merlin enpresak bultzatutako Bilbao-Arasur Data Center Campusaren lehen eraikinaren inaugurazioan parte hartu du, Rivabellosan
Merlin enpresak bultzatutako Bilbao-Arasur Data Center Campusaren lehen eraikinaren inaugurazioan parte hartu du gaur Imanol Pradales Lehendakariak, Rivabellosan. “Urrats garrantzitsua dugu hau eraldaketa teknologiko eta digitalaren prozesuan, eta datuaren ekonomiarako azpiegitura berrien sustapenean, jasangarritasuna erdigunean jarriz. Badakigu ekonomia berria digitala dela. Horrek berekin dakar azpiegitura digitalak sortzea, konektibitate handiagoa, balio handiko zerbitzu teknologiko berriak, eta haien inguruan eratzen ari den ekosistema oso bat sortzea. Euskadin, baditugu datuaren ekonomia berri honek ematen dituen aukerak aprobetxatzeko nahikoa gaitasun”.
Adibide gisa aipatu ditu “Ardatz Atlantikoan dugun kokapen geoestrategikoa, Estatu Batuen eta Europaren artean kable digital transozeaniko handiak iristeko puntu gisa, eta horrek oso latentzia baxua ematen digu komunikazio digitaletarako. Industriaren eta zerbitzuen sare aurreratu baten indarra dugu, gure BPGaren % 40 osatzen baitute. Adimen artifizialari, zibersegurtasunari, 5.0 industriari edo teknologia kuantikoei lotutako proiektu berriak bultzatzen ari gara. Baina beharrezko baldintzak izanik, ez dira nahikoak. Era berean, gure ehun ekonomikoaren trantsizioa eta eraldaketa digitala bizkortu behar ditugu, bereziki gure enpresa txiki eta ertainen artean”.
“Bidegurutze batean gaude. Aurreko belaunaldietatik ekonomia lehiakorra eta aurreratua jaso dugu. Horri eusteko, erabaki ausartak hartu behar ditugu. Eta lehenbailehen hartu behar ditugu. Mario Draguik bere txostenean nabarmentzen duen bezala, azpiegitura digitalean inbertitzea funtsezkoa da Europa lehiakorra izaten jarraitzeko Estatu Batuen eta Txinaren aurrean. Azpiegitura horiek funtsezkoak dira gure enpresei eta industriari puntako zerbitzuak eskaintzeko. Informazio digitala gordetzeko, prozesatzeko eta kudeatzeko”, azaldu du.
Lehendakariak azpimarratu duenez, “Euskadik Europako industria-berpizkundearen protagonista izan nahi du, gure teknologia- eta enpresa-gaitasunak elikatuz eta horretan lagunduz. Gure bereizgarri den lankidetza publiko-pribatuaren bideari jarraituz egingo dugu, eta proiektu hau horren adibide ona da. Erakundeoi dagokigu baldintzarik onenak sortzea horrelako ekimenak sortzeko, aurrera egiteko eta Euskadi hazteko. Gure erantzukizuna da aberastasuna, ongizatea eta kohesio soziala sortzea ahalbidetuko digun jarduera ekonomikoa bultzatzea”.
“Epe luzerako apustuak behar ditugu ekonomia berriaren oinarriak pixkanaka jartzeko -gaineratu du-. Inbertsio ausartak eta berritzaileak, gure lehiakortasuna indartzeko, digitalizazioan sakontzeko eta kalitatezko enpleguak sortzen jarraitzeko. Ekonomia lehiakorra, indartsua eta dibertsifikatua da etorkizuneko ongizatearen berme nagusia”.